Korrika

Oraina euskaratik eraikitzeko... apirilaren 10ean gazteok Korrikan Plentziara!

Topa Gaitezen 2019ko mar. 21a, 13:32
CC BY SA-AZKUE FUNDAZIOA

Bi urtero behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Herri euskaldun batekin amesten dugun gazteoi ezinbesteko zaigu ekimen hau gure buruan kokatzea, bi urterik behin bada ere, zentroan kokatzea.

Ez zen nolanahiko apustua izan garai batean, ez. 1980an, aurreko urteetan taberna bateko mahai inguruan ernaltzen hasitako ideia bati hasiera eman zitzaion; eta horrela, herri honen euskalduntzearen alde inoiz egindako ekimen handienetariko bat martxan jarri zen. Euskal Herriaren eraikuntzan inflexio-puntu bat ezarri duena eta euskararen gaur eguneko errealitatea ulertzeko ezinbesteko zaiguna.

Beste Euskal Herri batekin amesten dugun gazteoi, ezinbesteko zaigu euskara gure buruan kokatzea, etengabe, zentroan kokatzea.

Eta horretan ari gara. Ez da duela horrenbeste Bizkaiko gazteok Portugaleteko Merkatuan batu eta euskararen inguruan hausnartzeari ekin geniola. Topa Gaitezen! ohikatu genuen eta 100 gaztetik gora bildu ginen egun batez, gure bizitza, militantzia eta egunerokotasuna aztertzen. Munduen eraikuntzan hizkuntzek duten garrantziaz jabetzen.

Eta azken finean, hor kokatzen dugu gure burua, bi munduren arteko talkan, herri honetan ere gori-gorian dagoen bi munduren arteko talkan. Globalizazioaren, homogeneizazioaren, gutxi batzuentzat eraikita dagoen eta, laburbilduz, kapitalismoaren arteko eta elkartasunaren, aniztasunaren, eta gure herriaren gehiengoa osatzen duen Euskal Herri Langileriaren arteko talkan. Eta noski, horretan ibili ginen gehiengoarentzat izango den herri bat eraikitzeko euskarak duen potentziala arakatzen, lantzen.

Eta esan bezala, bi urtero behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Bizkaiko gazteok gure ekarpena egitea ezinbesteko ikusten dugu, bai euskarari eta baita hiltzeko jaio zen Korrikari ere. Badakigu nahi dugun herria, edozein lekutan izanda ere bere isla, edozein dela bere frontea, euskalduna eta euskaratik eraikia dena behar dela.

Hau horrela, zuzentzen gatzaizkizue zuei, euskara-taldeetan, talde feministetan, aisialdi-taldeetan, prekarizatuen asanbladetan, jai-batzordeetan, gazte asanblada eta abarretan militatzen duzuen guztiei borroka espezifiko bakoitzaren eta euskararen arteko harremanean sakontzera; zuzentzen gatzaizkizue zuei, Euskal Herriko txoko eta herrialde guztietako gazte euskaldun eta euskaltzaleei gurea bezalako dinamikak martxan jartzera; zuzentzen gatzaizkizue zuei euskararen inguruan inoiz irrikarik sentitu duzuen guztioi eta finean, zuei, euskaratik beste Euskal Herri bat eraikitzearekin amesten duzuen guztioi. Dei egiten dizuegu Plentzian hartuko dugun Korrikaren gazte-kilometroan parte hartzera. Apirilaren 10ean, 19:00etan, Plentziako metro-irteeran.

Bertan topatuko gara oraingoan, goazen bidea egitera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun