Toki-komunikabideen taldeko presidenteak, Jone Guenetxeak, toki-komunikabide txikien kohesioa lantzeko egindako eta egiteko asmoa dauden lanak goraipatu zituen batzarrean. Besteak beste, 2018an paperezko aldizkarietarako edizio-sistema bateratua inplementatzeko egindako lana, eta 2019an martxan ipintzeko asmoa dagoen Tokimedia multimedia-zerbitzari komuna aipatu zituen adibide modura. Lan teknikoetatik aparte, Guenetxeak "txalotu eta eskertu" egin zuen TOKIKOMek EAEko erakundeen diru-laguntza eredu berria lantzen egindako lana, “toki-komunikabideon lana nabarmentzen eta balioan jartzen”.
Tokikoen garrantzia
Alaitz Artolozabalek, TOKIKOMeko zuzendariak, toki-komunikabideen garrantzia aldarrikatu zuen 2018ko jardueraren errepasoari ekin aurretik: “TOKIKOMeko komunikabideok Hekimenen barruan dauden medio digital guztien trafikoaren %41 eragin genuen 2018an, eta horrek argi uzten du gure garrantzia estrategikoa”.
TOKIKOMen 2019ko erronka nagusia bazkide dituen komunikabideen arteko kohesioa landu eta errazteko tresnak garatzen jarraitzea izango da. Hala, indar berezia ipiniko du honakoetan, besteak beste:
- Paperezko argitalpenetarako edizio-sistema bateratua hedatzen eta hark posible egiten duen artxibo bateratua ustiatzeko aukerak aztertzen
- Medio digitaletarako Tokimedia artxibo multimedia bateratua abiatzen, argazkiak eta multimedia materiala modu koordinatuan artxibatu eta ustiatzeko
- Toki-komunikabideen eta 2018an sortutako Ttap aldizkari digitalaren arteko eduki jarioa sustatzen
Batzarra amaitzeko, tarte bat eskaini zitzaion Urola Kosta bailarako toki-komunikabideek emandako aurrerapausoari. Urtetako saiakeren ondorioz, eskualde horretako hainbat komunikabidek bide komuna adostu eta egitura bakar batean batuko dira, “baliabideak hobeto aprobetxatu eta sinergiak sortze aldera”.