Nola sortu zen Gurot?
Orain dela hiru bat urte Koldo Zuazok eta Urtzi Goiti EHUko irakasleek liburua atera zuten: Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara. Pentsatu genuen merezi zuela bigarren pausoa egiteak, eta bertan zegoen materiala erabili genuen gazteentzako aplikazio hau sortuz liburuan aipatzen diren herrietarako.
Zein da proiektuaren helburua?
Gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta euren artean erabiltzeko ohitura bultzatzea. Badakigu asko aritzen direla gazteak Interneten, sare sozialetan eta jokoetan. Burua sartu nahi dugu hor.
Zein da formatua?
Kultura orokorreko galderak daude aplikazioan, formatua Trivial-aren antzekoa da. Aurrez aipatutako liburuaren inguruan ere zenbait kontu daude. Joseba Santxo bertsolari getxoztarrak prestatu zituen galderak.
Hesian taldeak, besteak beste, bat egin du ekimenagaz…
Hala da, honetan laguntzen du, eta euren sare sozialen bitartez hau mugitzen ari dira. Ekainerako Guroten puntu gehien lortu dituztenen artean zozketa egingo dugu. Irabazleek Hesian taldearen backstage-ra joateko aukera izango dute, edo mugikor bat irabaztekoa, besteak beste.