Buztina, errealitate birtualeko 3D betaurrekoak, marrazteko tableta grafikoak, binilo-diseinua eta inpresioa... Sorkuntza-teknika horiek hurbiletik ezagutu dituzte gaur Igurco Unbe egoitzatik Arte Eder Fakultatera joandako adineko pertsonek. Zehazki, hamabost egoiliar dabiltza parte hartzen lankidetza-proiektuan, eta fakultateko 86 ikasle.
Ione Sagasti eta Izaskun Alvarez EHUko irakasleak eta Nahia Zamanillo, IMQ Igurco Unbeko terapeuta okupazionala dira proiektuaren arduradun nagusiak. Zamanillok azaldu duenez, "azterlan askotan frogatu da sormen artistikoak ezaugarri terapeutikoak dituela, lantzen duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duela eta pertsona horiek kognitiboki estimulatzen dituela, oroitzapenen bidez, irudimena piztuz, eta abar".
Margolaritzak eta irudigintzak dakartzaten onurak azpimarratu dituzte, besteak beste: "Mugimendurako eta komunikaziorako onura asko dituzte, arreta, pazientzia, iraunkortasuna eta sormena lantzen laguntzeaz gain". Gainera, adinekoei ilusioa pizten die gazteakaz proiektu komun batean jarduteak, Zamanilloren berbetan.
Talde biek hainbat topaketa egin dute azarotik, eta artelanak sortu dituzte topaketa horietan. IMQ Igurco Unbeko aretoetan ikusbide daude lan horiek, erakusketa batan bilduta. Bestalde, Arte Ederretako Grafika Teknologikoa irakasgaiko ikasleak ekimenaren gaineko Súper Vital izeneko argitalpena egiten dabiltza. Maiatzaren 10ean aurkeztuko dute, zahar-egoitzan.
Elkarlanari jarraipena emateko asmoa dutela adierazi du Ione Sagasti irakasleak, "ikasleek egoitzako adinekoen eguneroko bizitza hobetzearen inguruko praktikak, gradu amaierako lanak, proiektuak eta jarduerak eginez".