Hori horrela izanik, SARE Herritarreko kide gisa, larriki gaixorik dauden euskal presoek bizi duten egoerari erreparatu nahi diogu. Urrunketa politikaz gain, presoei duten gaixotasuna euren etxekoen ondoan artatzeko eskubidea ukatzen zaie-eta.
Josetxo, Iñaki, Gorka, Txus, Ibon… izen luzeko zerrenda bat osa genezake. Honenbestez, Entzutegiek ezarritako zigorraz gain, presoek pairatzen duten oinarrizko eskubideen urraketa azpimarratu beharra dugu. Duela gutxi, Massimo Pavarinik, Boloniako eskubide penalen katedradunak horrela zioen: “Eskubide penalaren beste aurpegia erakusteari aurrera begirako ausardia esleitu behar zaio, justizia beraren ondorioen gordinkeriari”.
Espetxeaz instituzioen ahotik, edozein gobernu indarrean egonda ere, zera esan ohi da: “askatasunerako eskola bat, arazo psikologiko eta fisikoak artatzeko eremu egokia da”. SAREk eta euskal gizartearen zati handi batek, aldiz, kartzelak zigor eta inpunitate gunetzat daudela uste dugu. Kartzela ez da birgizarteratzeko gune bat, kartzela pertsonen duintasuna egunerokoan zapaltzen duen izakien almazen bihurtu da. Horretaz gain, zigor kodeak eta Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako baldintza bereziak kontuan hartzen dituela gogorarazi nahi dugu. Esaterako, larritasun handiko edo sendaezinak dituzten gaixoena, baita 21 euskal preso hauena ere, hortaz.
Baldintza berezi horiei helduz, gaixotasunaren beharrezko informearekin eta presoaren sailkapena kontuan izan gabe, hirugarren graduan beharko lukete, arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko. Eta noski, baita justiziagatik ere, horrela jasotzen baitu espetxe araudiko 100.4 artikuluak. Espainiar legediak kartzeletako hesietatik kanpo artatze horrek duina izan behar duela esaten badu ere, agerikoa da kasu hauetan, hori ez dela gauzatzen. Legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzte preso hauek, baina egun, kartzelan dihardute, eta batzuk hiltzeko arrisku handia dute, gainera. Espetxe legediak, bestetik, larriki gaixorik dauden presoen irteerak bideratzeko zenbait aukera barnebiltzen ditu, baina bide horiek blokeaturik jarraitzen dute euskal presoen kolektiboarentzat.
Hasieran esan dugun moduan, oinarrizko eskubide bat da; oinarrizkoa eta unibertsala. Hori horrela izanik, pertsona guztioi aitortu eta errespetatu beharrekoa da; kartzelan egon ala ez. Gaur egun, aldiz, osasun eskubideak eta kartzelak bateraezinak dirudite. Espetxe araudi zurrunak, batetik; ezaugarritze politikoak osasun programei lehenestea, bestetik; eta osasun arlokoak ez diren langileen hierarkizazioak, azkenik; gaixotasunaren diagnostikoaren atzeratzea dakarte. Eta horrek guztiak diagnosiak garaiz burutu eta
sendatze bidean jartzeko ezintasuna dakar.
Espainiar gobernuak duen jarrera dela-eta, ez du bere legedia betetzen, ez eta 2006an Europako kontseilarien komiteak egindako gomendioen espetxe araudiena ere. Halere, Europar Batasunaren kide den heinetik, hori errespetatu eta betetzera behartuta dago. Entzutegiek ezarritako zigorrek presoei askatasuna kentzen diete, baina ez inolaz ere osasun eskubidea, eta ezta bizitzeko duten eskubidea ere. Eskubideak pertsonetatik haratago doaz, eta guztioi dagozkigu, kartzelan egon ala ez.
Beraz, ez dago lege, arau edo baldintzarik, askatasunik gabe egonagatik, osasun eskubiderik gabe edota tratu duina izateko eskubiderik gabe egotera kondenatzen zaituenik. Egia da, zigorturik egon eta gaixotasun larri bat duen preso baten kaleratzeak, ez duela sendaezina den gaitz baten sendatzea ekartzen, baina horren hobetze eta garapenaren moteltze nabarmena dakar, zalantzarik gabe. Izan ere, profesionalek artatzea eta presoaren giro zein ingurunearen aldaketak positiboki eragingo du gaixotasunaren garapenean.
Beste behin, SAREk honako hau azpimarratu nahi du: legediaren aplikazioa ez da inolaz ere estatuaren amore emate gisa ulertu behar. Hau da, larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea ez da amore ematea, euren eta Europaren legedia betetzea baino ez da. DUINTASUNAGATIK, GIZATASUNAGATIK ETA JUSTIZIAGATIK LARRIKI GAIXORIK DAUDEN PRESOEK KARTZELATIK KANPO EGON BEHAR DUTE.
Bizirik eta etxean nahi ditugu!