Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea dela idatzi zuen Joseba Sarrionandiak 2017ko Korrikarako sortutako testuan. Euskal Herria zeharkatu zuen hark idatzitako mezuak, lekukoa lekuko. «Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok», zioen Sarrionandiak, «belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gainditzeko», eta ez zitzaion arrazoirik falta. 1980an egin zuten lehenengo aldiz Korrika. Iratxe Marta Uribe Kostako AEK-ko arduradunak azaldu duenez, euskara sustatzeko helburuagaz jaio zen ekimena, eta gaur egun ere hori da daukan erronka nagusia.
Aurtengoaren leloa argia da: Klika. Arduradunen arabera, klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea. 21. edizio honetan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalaria omenduko dute. 2.000 kilometro baino gehiago zeharkatuko ditu mezu sekretua daroan lekukoak. Apirilaren 4an abiatuko da Garestik, eta 14an helduko da Gasteizera.
Aurreko edizioetan egin bezala, eskualdeko hainbat eta hainbat lagunek hartuko dute parte Korrikan. Dena den, askok ekimenaren mezua ulertu ez dutela uste du Iratxe Martak: «Ez dakit argi dagoen zertarako egiten den Korrika, jende askorentzat jai handi eta ikusgarria da, baina ez dakite zer den horren barruan dagoena». Izan ere, Uribe Kostako errepide eta espaloiak betetzen direla ukaezina bada ere, gehienengan euskararen kontzientziarik ez dagoela dio Martak. Hala, zelakoa da euskararen egoera gure eskualdean?
Ezagutzak ez dakar erabilera
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jasotako datuen arabera, Uribe Kosta osatzen duten udalerrietan (Barrika, Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz) 165.285 biztanlek zituzten urte bi edo gehiago 2016an. Horietatik 59.853 (% 36,2) euskaldunak dira, hau da, euskaraz ondo ulertu eta egiten dute berba. 37.623 (% 22,8) ia euskaldunak direla dio Eustatek, euskaraz berba egiteko zailtasunak izan arren, ondo ulertzen dutelako. Gainerako 67.809 (% 41) biztanleak erdaldunak dira. Hortaz, datu horiek kontuan hartuta, esan genezake euskararen ezagutza Uribe Kostan % 59koa dela.
Hizkuntza ulertzeak, baina, ez du esan gura erabili egiten dutenik. 2016ko datuen arabera, Uribe Kostako biztanleria osoaren (169.750 pertsona) % 5,3k (9.036) besterik ez du euskara etxeko hizkuntza bakartzat, eta % 9,4k (15.943) erabiltzen ditu etxean euskara eta gaztelania. Gaztelania hutsez jarduten du etxean % 83,3k (141.324), eta bestelako hizkuntzaren batean % 2k (3.447). Kaleko erabilerari dagokionez, 2006koak dira ezagutzen diren Uribe Kostako azken datuak. Soziolinguistika Klusterrak eskualdeko zazpi herri aztertu zituen: Berango, Gorliz, Larrabasterra, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Ikerketaren arabera, herri horietan euskaraz aritzen da kalean biztanleriaren % 9,3, eta erdal hizkuntza batean gainontzekoa.
Hainbat kasutan, Korrikan omenduko duten Txillardegik berak azaldutako «erdal elebakarraren diktadura» izan daiteke gaztelania erabiltzearen arrazoia. Horren arabera, lau pertsonatik hiru euskaldun elebidunak badira (% 75), eta bata erdal elebakarra (% 25), haien artean sortu daitezkeen elkarrizketen % 70 gazteleraz izango da, eta gainerako % 30 euskaraz. Dena den, eskualdean euskararen garapenari dagokionez lasai ez gelditzeko arrazoiak baditugula uste du Juanlu Aranburu Uribe Kostako Mankomunitateko euskara-teknikariak: «Oso sakabanatuta dago Uribe Kosta, auzo ugari ditugu, urbanizazio berriak eraikitzen ari dira, eta batzuen eta besteen arteko harremanak ez dira sakonak, ez dago berezko eskualde izaerarik». Horrez gain, beste faktore soziologiko batzuk aipatu ditu, Bilbo Handiaren gertutasuna esate baterako: «Herritarrek sarritan jotzen dute Bilbora, eta han zaila da euskaraz bizitzea. Kontrara ere, Bilbotik jende asko etorri da eskualde honetara bizitzera, horietako gehienak erdaldunak». Hala, eskualde turistikoa dela uste du: «Neguko eta udako errealitate soziologikoek ez dute zerikusirik». Horrenbestez, esan daiteke euskarak bultzadatxo bat behar duela gure eskualdean. Badira horretan dihardutenak.
Euskararen sustapena
Eskualdeko hainbat herriren euskara-zerbitzua Uribe Kostako Mankomunitateak kudeatzen du: Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizen kasua da hori. Bertako euskara-teknikariak azaldu duenez, mankomunitateko euskara-zerbitzuak hainbat proiektu ditu martxan eskualdeko herrietan. Euskararen Sustapenerako ekintza planak dira: familia arteko transmisioa bultzatzeko proiektua, helduak euskalduntzeko ikastaroak, lan-munduan eragiteko proiektua, gaztetxoen aisialdirako ekimenak, kirola euskalduntzeko dinamikak, komunikabideak eta teknologia berriak.
Hala ere, nonbaiten azpimarra ipini beharko bagenu, gazteen jardueretan egingo luke Aranburuk, ezagutza bermatuta izanik, aukera gehiago dagoelako hizkuntza-ohituretan eragiteko: «Gazte hauek D ereduan ikasi arren, gaztelerara erraz pasatzen dira, eta zailtasun handiak ditugu euskarara ekartzeko. Euskara eskolako hizkuntza bihurtu zaigu, eta hortik kanpoko jardunetan erdara erabiltzen da». Hori dela eta, kirola euskalduntzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du: «Eskolan euskaraz egiten duen zortzi edo hamar urteko ume batek futbolean jokatu nahi badu, gurasoek klub batean emango dute haren izena. Klub horretan entrenatzaileak egongo dira, eta gehienak lanean ariko dira denbora librean. Erdaraz egiten badute, zortzi urteko ume horrek ez ditu lotuko aisialdia eta euskara, zergatik eskatzen zaie irakasleei euskaraz jakiteko, eta entrenatzaileei ez?». Hala, zortzi edo hamar urteko ume horiek eskolatik irtetean ere euskaraz egin ahal izatea lortu behar dugula dio Aranburuk, arau edo bestelako irizpideen bitartez: «Euskal Herrian euskaraz ikastea eta irakastea inoiz ez da inposizio bat, Alemanian alemanez ikastea bezala da, balore bat, eta aberastasuna».
Horrez gain, mankomunitatetik merkataritzan eragiteko plana dago. Oraingoz, indar handia ipini dute hizkuntza-paisaian: karteldegia, iragarkiak eta abar. Aurten, identifikazioan egingo dute lan, «euskaldunak jakin dezan denda, taberna edo dena delako horretan zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera duela», dio Aranburuk. Badituzte ere gazteengan eragiteko hainbat proiektu, baina familia-ikuspegitik. Helburua transmisioa da, baina baita gurasoek umeakaz jolastea ere. Hamasei urte inguruko gazteentzat UKuadrillategi programa ipiniko dute martxan berriz ere; horren barruan antolatzen dituzte euskara hutsezko disko-festak, txangoak, lehiaketak eta ikastaroak, besteak beste.
Mankomunitateak kudeatzen ez dituen udaletxeek ere euskara-zerbitzua dute. Horrela dabiltza Berango, Erandio, Getxo eta Leioa. Horrez gain, euskara-elkarteak daude Getxon eta Erandion. Bizarra Lepoan da Getxokoa eta 24 urte daroatza euskara sustatzeko lanean. Gaur egun martxan ditu Bapiruke egitasmoa, umeen aisialdia euskaraz egiteko, Toponimia ibilbideak Getxoko ondarea ezagutzeko, Gehitu Kirola eta Gehitu Kultura hitzarmenak Getxoko Udalagaz elkarlanean, eta eskola barruko jostaldiak euskaraz.
Erandiori dagokionez, Berbots Euskara Elkartea dabil bertan lanean. Taldeko kidea da Amaia Arriaga. Azaldu duenez, Erandion etxeko hizkuntza nagusia gaztelania da belaunaldi denetan: «2016ko irailean egindako kale-neurketan erabiler-maila oso baxua antzeman genuen, zehazki % 1,5ekoa». Hori dela eta, euskaltzaleen mugimendua egituratzeko eta aktibatzeko beharra dagoela uste du Arriagak: «Euskaldunok arnasguneak behar ditugu, elkar ezagutzeko eta jarduerak partekatzeko, sakabanatuta egonda ikusezin garelako». Ikasturte honetan Euskaraldia izan da euren mugarri berezia, baina ahalegin handiak egin dituzte ere Berbalagun egitasmoan, eta Kanpomartxo egunaren antolakuntzan. Horrez gain, bertsozaletasuna sustatzeko hautuari eusten diotela esan du Arriagak.
Bestetik, euskaraz ikasi gura duenak badu hainbat euskaltegi Uribe Kostan. Sopelako, Leioako, Erandioko eta Getxoko udal-euskaltegiak, Jose Antonio Agirre euskaltegia Algortan, eta AEK-k dituen lau egoitzak. Horrez gain, koordinakundeak gelak ditu Barrikan, Urdulizen, eta noizean behin Lemoizen. Iratxe Marta Uribe Kostako AEK-ko arduradunak azaldutakoaren arabera, euskara sustatzeko behar bat sortu da, tituluen beharra sortu delako lan egiteko. Dena den, bere ustez horrek ez dio lagundu euskarari: «Ez da gehiago erabiltzen tituluak eskatzeagatik. Bultzatu behar dena erabilera da, eta tituluen politikak ez du laguntzen». Martak dio euskaltegira joaten den jendea ez dela, normalean, euskaltzalea: «Lanerako titulua behar dutelako etortzen dira, eta euskararekiko kontzientzia-falta, neurri handian, hizkuntz politikek bultzatu duten gaitza da».
Barne-iraultza
«Euskal Herrian bi komunitate linguistiko ditugu: euskaldun elebiduna eta erdaldun elebakarra. Elebakar komunitateko partaideek ez dute euskaraz ematen diren kultur jarduerekiko eta euskal munduarekiko interes handirik azaltzen, ez dute euskararekiko erakargarritasun kontzienterik egiten. Egoera horrek bere horretan jarraitzen duen bitartean euskarara erakartzeko zailtasunak izango ditugu», dio Mankomunitateko euskara-teknikari Juanlu Aranburuk. Hala ere, baditugu optimistak izateko arrazoiak ere, bere ustez Uribe Kostako euskaldun komunitatea oso militantea da eta. Aurrera egiteko ezinbestekotzat jotzen du elkarren arteko sareak eraikitzea, eta euskaldunen arteko egiturak sendotzea: «Detektatu behar dugu zein tokitan egiten duten bat euskaldunek, zeintzuk diren gure arnasguneak, eta horiek egituratu eta saretu».
Antzeko iritzia du Amaia Arriaga Berbotseko kideak: «Herritarren % 66k jarrera positiboa adierazten du, baina erdaldun zati handi batek euskararekiko interes txikia eta sentimendu eskasa du. Jarrera hori eraldatzeko eta positibo bilakatzeko lan handia daukagu». Euskarari balioa eman behar zaiola uste du Aranburuk: «Zenbat irrati dago euskaraz eskualde honetan? Zenbat telebista eta zenbat egunkari? Zenbat gurasok egiten du euskaraz? Erabili ditzagun euskaldunentzako erreferentzialak diren pertsonak eta entitateak, gazteentzako eredu bihur daitezen». Erdaldun komunitatearengana heltzeko, bestalde, beharrezkoa da euskaldunon zenbait jarrera aldatzea.
Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial modura egin zen 2018ko azaroan Euskaraldia. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte-garapenerako behategiak egindako ikerketen arabera, Uribe Kostako hamar udalerrietako 11.461 pertsonak hartu zuten parte. Datu horiek, bestalde, kuantitatiboak dira. Emaitzak neurtzeko ikerketak egiten dabiltza oraindino antolatzaileek: aldatu ditugu benetan gure hizkuntza-ohiturak?
Juanlu Aranburuk dioenez, euskara-planek eta horrelako txostenek dena jasotzen dute idatziz, eta helburuak neurri batean betetzen dira, pertsona askok ematen duelako izena antolatutako ekimenetan. Gertatzen da, bestalde, bertara joan eta jendea erdaraz entzutea. Azken batean, erabileran eragiten duten kanpoko faktoreak dauden arren, hizkuntz aldaketa barne-iraultza bat da, norberak kontzienteki egin behar duen aldaketa. Sarrionandiak ere horrela zioen 2017ko Korrikarako idatzitako testuan: «Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago».