Hondakin organikoak eta konpostalekuak

Fernando Mijangos 2019ko api. 8a, 15:51

Artikulu hau idaztera noala nire buruari esan diot ez ahazteko aurrekoa irakurri dutenen hitz onak. Hondakinen gaia alboratzeko asmoa nuen, baina irakurle batzuek konpostaren inguruan ideia batzuk zabaltzeko eskatu didatenez, horri helduko diot, berriz aurreko filosofiarekin: prentsa euskaraz, pentsa euskaraz.

Konposta oso ezaguna da guztiontzat, baita bere prozesua ere. Naturala da, eta gure begien bistan daukagu egunero-egunero, basoan gertatzen baita. Natura bera ere kontserbatzailea da, ez du ezer alferrik utzi nahi. Hostoak basoko lurrera jausten direnean poliki-poliki joango dira metatzen, eta han agertuko dira ondorengo perretxiko-onddoak. Prozesu horretan hostoek dituzten lehengai organikoak erreakzio aerobiko batzuk jasango dituzte, eta denboraren poderioz lur bilakatuko dira.

Guztiz funtsezkoa dugun prozesua da hori, baldin eta ez badugu gure lurra basamortu bihurtzerik nahi, noski. Ikaragarria da Sahara basamortuan hainbesteko area egon arren, lehengai organikorik ez aurkitzea. Esaten dutenez, basamortu hori hedatzen ari da apurka-apurka, eta inolako gezurrik bota barik esan daiteke ere Gaztelako lur sail askotan lehengai organikoa faltan dagoela. Klima-aldaketa omen da erantzulea. Change the Change.

Nahiz eta ez tematu desberdintzen landare-jatorria edo animali jatorria duen, sukaldean prestatutakoa edo gordina den, eta konposta egiteko erabilgarria den ala ez, gure etxeko hondakin organiko guzti-guztia bilduko bagenu urrats oso garrantzitsua emango genuke klima-aldaketaren aurrean gure aldaketa txiki eta pertsonala gauzatzeko.

Hondakin organiko hori konpostaleku batera eroatea da eman beharreko lehenengo pausoa. Horretarako, herri batzuetan atez ateko bilketa sistema gauzatu dute eta, egia esan behar badut, emaitza oso onak lortu dituzte horri esker. Beste herri batzuetan, aldiz, edukiontzi marroietan utzi behar dugu gure hondakin organikoa, zehatz-mehatz Bizkaiko hainbat herritan gero eta gehiago zabaltzen ari den bilketa-sistemaz ari naiz. Hori gertatzen da, esate baterako, Getxon eta Leioan. Hondakin organikoa Artigaseko zabortegira eramaten dute, bertan konposta egin ahal izateko. Lauzpabost hilabeteren buruan, lehengai organiko guztia konpost heldu bilakatzen da. Lorategietan, loreontzietan, baratzeetan eta bestelakoetan ipintzeko erabili ahal izango dugu orduan, lur modura.  

Konposta egitean ez da energiarik gastatu beharrik, eta prozesuak ez du atmosferara karbono-dioxidorik botatzen. Horrenbestez, ez du negutegi-efektua handitzen, eta ez ditu dioxinak eta furanoak botatzen. Prozesua naturala da ehuneko egunean, garbia eta kalterik sortzen ez duena.

Horrez gain, makineria oso gutxi behar du, ez du instalazio handirik eskatzen. Sinplea da, berez, eta tamaina txikiko konpostalekuak egin daitezke horretarako, deszentralizatuta, erdigunetik aparte, eta tokian tokikoak. Modu horretan, ez genuke zaborra kamioi handietan garraiatu beharko, eta ez genuke horretarako erregai fosilik gastatu beharko. Izan ere, zero emisio dauka.

Behin galdetu zidaten ea herri bateko biztanle guztiek hondakin organiko guztia bilduko balute, eta herrian bertan konpostatu nahi izango balute, izugarrizko lurralde handia eduki beharko luketen ala ez. Getxo hartu genuen adibide modura eta ikaratuta geratu ginen. Izan ere, bertoko 80.000 biztanleek egunero sortzen duten 40.000 kilogramo hondakin organiko konpostatzeko behar izango litzatekeen lur-eremua hektarea bikoa besterik ez dela kalkulatu genuen.

Pentsatu behar dugu futbol-zelai baten azalera hektarea batekoa dela, gutxi gorabehera. Horrenbestez, ez dugu izugarrizko instalaziorik behar, ez dugu puntako teknologiarik behar,  eta langile gutxirekin mantendu ahal dugu, erraz.

Amaitzeko, gogoratu nahi dut Zabalgarbi erraustegiak urtero erretzen dituen 200.000 tona horietatik erdia hondakin organikoa dela. Beraz, Zabalgarbik kutsatzen duenaren erdia ekidin ahal izango genuke, baldin eta 100.000 tona hondakin organiko horiek konpostaleku batera eroango bagenitu, eta ez erretzera. Klima-aldaketaren aurrean, aldatu zuen jarrera eta eskatu hondakin organikoa konpostaleku batera eramateko. Small is beautiful, my friend.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun