Nortzuk zarete Garbiketa Txanda eta zelan sortu zen taldea?
Uribe Kostako lagun-talde bat gara, hainbat kolektibotatik elkar ezagutzen dugunak. Kontzertu bat ikusten genbiltzala harrotu egin ginen, eta erabaki genuen guk geuk ere zerbait sortzea, emakumeoi kendu zaizkigun espazioak geureganatzeko.
Entzun dizuedanagatik, ospea eta famagatik baino, ondo pasatzeagatik jotzen duzue. Zer esango zeniekete hasteko daudenei?
Guri ospeak bost! Gure ekintzaren izaera politikoa nabarmendu nahi dugun arren, ezin dugu hau ulertu gozamenik gabe. Primeran pasatzen dugu entseatzen, jotzen eta ideiak sortzen, hori da gure motorra. Bestetik, zerbait hasteko daudenei esango genieke lau akorderekin eskema asko iraul daitezkeela, eta gaztetxeetako musika-lokalak, adibidez, horretarako eskuragarri daudela. Jakintza handirik ez da behar, ezta dirurik ere, gogoa besterik ez.
Zer dela eta ipini diozue taldeari herri-ekimenetan inork hartu nahi ez duen txandaren izena?
Argitu beharra dago, izena beti aldatzen dugula: (G)ohian Bego, Küpoavetechën, Atsedena... Gustatzen zaigu kartelak troleatzea. Bromaz aparte, zerikusia du, noski, denak emakume izatearekin, espazio alternatiboetan ere lan horiek sortzen duten errefusarekin. Keinu bat da ere, horrelako lanak gauzatzen dituztenei esker gainontzekook bestelako gauzetan aritzeko aukera daukagulako.
Sociedad Alkoholikari, garai batean, Pantera Rosa pasteltxoak gustatzen zitzaizkien... Zuek zer gurago, Bony ala Tigretón?
Egia esanda, guk etxeko kroketak maite ditugu, Dj Bullen antzera.
Zuzenekoak ematerako orduan non ikusten duzue zuen burua gusturago? Gure inguruan giro hori topatzea erraza dela esango zenukete?
Zalantzarik gabe espazio feministetan gaude erosoen! Hasteko, bestelako giroetan, askotan, ez da gure taldearen izaera ulertzen eta epaiak zorrotzak izaten dira. Guk badakigu gure maila teknikoa zein den, oso kontziente gara eta gainera harro gaude! Gune feministetan, berriz, egiten duguna egiten dugula, nota batekin lau katu hil arren, berotasunez hartzen gaituzte eta gehienetan oso motibatuta egoten dira! Ondo zainduta sentitzen gara, etxean bezala. Zorionez, azken boladan, eskualdeko transfeministen lana tarteko, gero eta aukera gehiago sortzen ari dira horrelako parrandetarako eta giroa oso bestelakoa da, ezin hobea!
Etorkizunera begira proiekturik edo asmo berririk buruan?
Gustatuko litzaiguke geure abestiei forma ematea, baina ez garenez askorik saiatzen, momentuz ez daude prest. Buruan dugu ere hasi ginenean egin genuena bezalako ekimen erosoren bat antolatzea, emakumeak, eta oro har bazterretan kokatutako pertsonak, gure modura taulara animatzeko.