Durangon euskal herritarrok (hemen sortuak zein etorritakoak) batuko gara, baina keinu hori Europako beste herri askotan errepikatuko da; harri batek uretan eragindako uhinak hedatzen diren moduan, pertsona errefuxiatu eta migratzaileekiko elkartasun-mezua zabalduz. Beste Europa batekin amets egiten dugunok (feminista, mugak zabalik dituena, bizitza erdigunean jartzen duena, pertsona guztion giza eskubideak babesten dituena…) gara harri horiek botatzen ditugunak. Beraz, zenbat eta esku gehiago, orduan eta handiagoak izango dira gure aldarriaren hedapen eta oihartzuna.
Uhin horiek olatu bihurtuko dira, inposatu nahi dizkiguten politika faxista eta genoziden kontra ez ezik, beste batzuek aplikatutako neurri neoliberalek eragiten duten pobrezia, zapalkuntza eta ezberdintasunen aurka ere bai.
Harri bat jaurtitzen duen esku bakoitzaren atzean, gurea harrera-herri bilakatu nahi duen pertsona bat dago, elkartasunagatik ez ezik, justiziazkoa ere badelako. Errefuxiatu eta migratzaileen «krisia» deiturikoa «katastrofe humanitario» gisa saldu nahi badigute ere, erantzuleak dituen gerran, zapalkuntzan, eta pertsonen merkantilizazioan oinarrituriko politikek eraginda dago. Eta horien aurrean izango gaituzte. Hori dela eta, bat egin nahi dut Uribe Kostatik ahal dugun pertsona gehien Durangora hurbiltzera Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek egindako gonbidapenarekin, ozen esan dezagun: «Gizatasunaren alde, migratzaileen alde, Europan harrera egin dakien eta libre ibili daitezen, eta neofaxismoaren kontra».