Zine-z

Amaia Nerekan Umaran 2019ko api. 11a, 12:16

Zinemari buruz hitz egitera natorkizue, egunotan bi pelikula aurkeztu baitira gure fakultatean: Ales Payáren La cifra negra eta Ana Schulz-ek eta Cristóbal Fernándezek zuzendutako Mudar la piel. 

Ales Payák urteak eman ditu La cifra negra dokumentala egiten. Aurrekontu txikiarekin, baina jende askoren laguntzari esker egindako lan hau Espainiako Estatuan egiten diren giza eskubideen urraketen eta torturen salaketa gogorra da. Preso politikoak, etorkinak, delitugile arruntak… Denak dira estatuaren biolentziaren biktimak. Hori salatzea da, hain zuzen, pelikula honen xedea. Ekoizte-etxearen izena ere esanguratsua, Empatik Films; bertan, hemendik gutxira, egongo da denon eskura pelikula. Zuzendariak azaldu zuenez, TV3k izan ezik, gainerako telebistek, ETBk esaterako, ez baitute "erosi" nahi izan, dohainik eskainita ere.

Nire bigarren gomendioa fikzioa eta ez-fikzioa ezin hobeto uztartzen dituen bitxikeria da, Mudar la piel, Ana Schulz-ek eta Cristóbal Fernándezek zuzendutako film luzea; euskal gatazkari buruz ikusi ditudan pelikulen artean interesgarrienetako bat. Pelikula intimoa da, zuzendariak, Schulzek, bere familiaz diharduelako, bereziki aita eta bere "lagun minaren" arteko adiskidetasunaz. Baina bada pelikula politikoa ere, Schulzen aita, Juan Gutiérrez, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekari lanetan ibili zelako, eta Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko zentroaren sortzaileetako bat izan zelako. Laguntasunaz eta politikaz jarduteaz gain, espioien pelikula ere bada. Juan Gutiérrezen "lagun mina" Guardia Zibilak infiltratutako agente bat zelako, azkenean bere "laguna" zelatatu zuena. Traizioa gorabehera, adiskidetasun bitxia landu dute biek, gaur egun ere mantentzen dutena. Schulzek, ordea, ez du aitaren kontraesana ulertzen, eta espioiak ez dauka argi haren pelikulan parte hartu nahi duen. Azken urteotan, euskal gatazkaren inguruko pelikulak gero eta gehiago dira. Schulzek berak esaten duenez, orain baita bakoitzak bere historia kontatzeko garaia, bere kontraesan guztiekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun