Sally Clark, estatistikaren erabilera okerraren adibidea

Eduardo San Andrés 2019ko api. 12a, 09:00

Garai nahasiak bizi ditugu. Gure gaur egungo gizarte honetan, fake news eta postverdad direlakoak barne, egia non aurkitzen den jakitea ez da lan makala. Nire ustez itsasargi bat dago ur lokaztu horietatik nabigatzeko. Zientziaz ari naiz, eta horrek lotuta dakarren pentsaera arrazionalaz ere.

Hiriak gero eta handiago eta burokratizatuago bilakatzen joan zirenean, XVIII. mendean, hainbat daturen bilketa eta sailkapena, zergak eta erroldak besteak beste, garatzea beharrezko egin zen, eta orduan sortu zen matematikaren adar bat: estatistika (izena "estatu" hitzetik dator). Denborarekin, estatistika datu asko tratatzeko eta interpretatzeko tresna boteretsu bilakatu da. Ondo erabili behar da, ordea. Bestela, ondorioak okerrak izan daitezke. Artikulu honetan estatistikaren erabilera desegoki batek dakarren izugarrizko ondorioen adibide bat aztertuko dut.

1964an, Ingalaterrako Whiltshire herrian, Sally Lockyer jaio zen. Southamptoneko Unibertsitatean geografia-ikasketak amaitu eta Lloyds Bank eta Citibank bankuetan hasi zen lanean, baina 1990ean Steve Clark abokatuarekin ezkondu ostean lana utzi zuen Londresko City-an, eta abokatu hasi zen bere senarrarekin batera. 1994. urtean hiria laga eta Wilmslow herritxo bukolikoan etxe bat erosi zuten. Bizitza primeran zihoan, baina arazoak luze gabe agertu ziren…

Sallyren lehendabiziko semea, Christopher, 1996. urteko irailaren 26an jaio zen. Abenduaren 13an Sallyk haurtxoa konorterik gabe topatu zuen sehaskan. Segituan anbulantzia bat eskatu zuen eta ospitalera eraman zuten, baina medikuek umearen heriotza baieztatu baino ezin zuten egin. 1997. urtean bigarren semea jaio zen, Harry. Hura ere hilda agertu zen sehaskan, handik aste gutxira. Bi kasuetan, ezbeharrak gertatu zirenean Sally bakarrik zegoen etxean, eta gainera bi umetxoek ubeldurez beteta zeuzkaten gorputzak, agian suspertzeko saiakerak zirela eta.

1998ko otsailean Sally atxilotu eta epaitu zuten. Hilketak eragotzita biziarteko kartzelara kondenatu zuten, nahiz eta berak gertaerak beti ukatu eta bere senarraren sostengua eduki. Epaiketan Sir Roy Meadow pediatraren aitorpena erabakigarria suertatu zen. Bere deklarazioan, analisi estatistiko baten arabera klase ertaineko familia batean bat-bateko heriotza bi gertatzeko probabilitatea 73 milioiren artean batekoa zela azaldu zuen Meadowek.

2000. urteko urrian Sally espetxean sartu zuten. Komunikabideen kanpaina nazkagarria medio, beste presoen erasoak  jasan zituen. Eskandalua apelazio legalarekin ailegatu zen. Akusazioaren patologoak datu bat ezkutatu zuen, Harryren gorpuan Staphylococcus aureus bakterioak eragindako infekzio bat topatu zela hain zuzen. Froga hori Sallyren senarrak lortu zuen, ospitaleko erregistroak arakatuz Marilyn Stowe abokatuaren laguntzarekin, Sallyren kasuan zer edo zeoker zebilela susmatuta.

Baina beharbada hutsik tamalgarriena Roy Meadow pediatrak egindako kalkulu estatistikoa izan zen. Ikus dezagun: bat-bateko heriotza gertatzeko probabilitatea 1/8.500 da; Meadowen kalkulua honakoa izan zen: 8.500x8.500=73 milioi. Kontutan izanik Ingalaterran urtero 700.000 ume inguru jaiotzen direla, bat-bateko heriotza kasu bikoitz bat 100 urtean behin gertatzea espero zitekeen. Non dago hutsa? Bada, probabilitateak bi gertaerak independenteak badira besterik ez dira biderkatzen; kasu honetan bi gertaerak lotuta egon zitezkeen, faktore genetikoak edo anbientalak direla eta.

Ikerketa batek erakusten du familia batean bat-bateko heriotza bat gertatzekotan, berriro gertatzeko probabilitatea hamar aldiz handiagoa dela. Ray Hill matematikako irakasleak kalkuluak berregin zituen, eta ikusi zuen bat-bateko heriotza bikoitzaren probabilitatea hilketa bikoitzarena baino sei aldiz handiagoa zela. Azkenik, mutilen kasuan bat-bateko heriotzaren probabilitatea nesken kasuan baino handiagoa dela ere ez zen kontuan hartu; hala, ez da 1/8.500, baizik eta 1/1.300.

2003ko urtarrilean Sally Clark askatu zuten, baina psikologikoki deuseztatuta zegoen. 2007. urteko martxoaren 16an etxean hilda aurkitu zuten; alkohol-intoxikazioa izan zen heriotzaren kausa. Espero dut haren mamua gauero agertzea Roy Meadow ezgaiaren amesgaiztoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun