2008an ipini zen proiektu honen hazia Nafarroako Untzitin. Hamar urteko lan gogorraren ondorioz, fruitu zirraragarria sortu da. De la Fuenteri ilusio berezia egin dio Donostiako Zinemaldian ikusleen saria jaso duen lehen nafarra izateak. Baita ere Canneseko emanaldiaren ostean Kapuscinskiren alargunak eta alabak bere senitartekoa filmean islatuta ikustea eskertu izanak. Hori gutxi balitz, Europako zine-sarietan eta Espainiako Goyetan ere film dokumental onenaren sariak eskuratu berri ditu.
Angolan, 1975ean kokatzen gaitu historiak. Confuçao da nagusi Luanda hiriburuan Kapuscinski ailegatzean. Angola Portugaleko kolonia izateari utzi berri dio, baina herrialdea gerra zibil luzean sartuko da. Herritarrak gerratik ihesi doazen bitartean, Ricardo, kazetari poloniarra, fronterara nork eramango duen bilatzen dabil. Infernurako bide horretan hil edo biziko gertakariekin egingo du topo. De la Fuentek, eta Amaia Remírez ekoizleak, erreportariak herrialde afrikarra zeharkatzean utzitako aztarnak jarraitu dituzte, 40 urteren ostean. Ibilbide horretan liburuko protagonistak izan dituzte bidelagun, bizipen gogor horiek konfirmatuz.
Angolan zerbaitek aldatu zuen Kapuscinski, bizitzak salbatuko zituelakoan kode deontologikoari bizkarra emateko. Haren izpirituarekin bat eginez gerretan hiltzen diren herritarrei egindako omenaldia da filma, egileen esanetan.
2010ean haren testuen zintzotasuna zalantzan ipini zuen Arthur Domoslwskik, gertuko lagun eta ikasle izandakoak. Polemika piztu zen eta kazetariak ezin izan zuen bere burua hilobitik zuritu. Baina Kapuscinski nor izan zen bere hogei liburuek eta ehunka kronikek kontatzen dute: hamabi gerra, 27 iraultza eta estatu-kolpe, lau aldiz fusilamendura kondenatua… Herritarren aztarnak letren bidez ez ahaztera behartzen gaituzten historiak.