Leioako irakurle-klubean apirilaren 24rako proposatutako liburuan, Najat El Hachmiren Azken patriarka eleberriaren orriotan, ez dakigu eztanda edo isileko higadura aurkituko dugun, baina ziur gaude gizartearen ertzetako batera eginiko bidaia ezohikoa izango dugula eskuetan.
Najat El Hachmi Marokon jaio zen idazle katalana dugu. 8 urte zituela familia osoarekin mugitu zen Bartzelonara, lehenago joandako aitarekin batzera. Emigrazioa sakonean ezagutu du, baita horrek dakarren "han" eta "hemen" tartean egotearen sentipena ere. Hala adierazi zuen argitaratutako bere lehen liburuan, Jo també soc catalana (Neu ere katalana naiz), non XXI. mendeko katalan berrien ikuspuntu esanguratsu bat irudikatzen zuen. Esanguratsua eta, hala ere, ezberdina, inon tinko kokatu ezina eta aurreiritziei kontra egiten diena. Denok feminista izan behar genukeela dio El Hachmik, baina aldi berean bere burua ateotzat jotzen duenez, ez du islama eta feminismoaren arteko erlazioa egokitu behar izan, beste egile batzuek egin behar izan duten bezala. Ahots berezi eta ezohiko baten aurrean gaude.
Azken patriarka izan zen bere lehen eleberria eta oihartzun handia lortu zuen Herrialde Katalanetan, Ramon Llull sari entzutetsua irabazi baitzuen. Bertan, Marokotik Kataluniara joan behar izan zuen migratzaile baten historia kontatzen digu. Pertsonaia tormentatua ezagutuko dugu bere alabaren begietatik, eta bere izaera autoritarioaren kontraesanak azalduko dira. Kultura ezberdinen arteko talkek garrantzi handia izango dute kontaeran, eta protagonistaren izaera moldatuko dute.
Apirilaren 24an, 18:30etik aurrera, nobela honetaz berba egingo dugu Leioako irakurle-klubean, liburutegiko bigarren solairuan. Liburuan agertzen diren hiru harietatik tiratuko dugu: sexu-abusuen trauma, immigrazioarekin lotzen den literatura, eta emakume baten formazio-nobela.