Hamaika egun eta gauez bi urtean behin ematen diren sentimendu berdinak agertu dira: lehenengo egunean martxan hasten deneko ilusioa, eskualde edo herrira sartzen deneko zirrara, furgoneta urrunean ikusterako poza eta urduritasuna, korrika eta oihuka egin bitarteko alaitasuna, bukatu orduko sentsazio arraro hori… eta azken eguneko betekada, aurten Gasteiz jendez gainezka ikusterakoan bezala. Sekulako ekimena, zoro batzuek martxan jarri zutenetik 21 edizio pasa dira jada, eta oraindik hunkitzen gaituena.
Hala ere, egun hauetan gertatutakoak ez gaitu errealitatetik urrundu behar. Nahiz eta azken hamarkadetan asko aurreratu den, oraindik ere euskaraz egitea normalitatearen aurka egitea da. Ez dugu ahaztu behar euskararen herria ez dela EAEra mugatzen, eta gauden 2019an ez dela gure lurralde osoan ofiziala propio dugun hizkuntza. Nafarroa Garaian, hauteskunde promesetatik haratago, "Vascuencearen legeak" indarrean jarraitzen du bere horretan, bertako biztanleria zatikatuz eta eskubide ezberdinak aitortuz. Bada garaia fobiak alde batera utzi eta Linguae Navarrorum delakoa nafar guztiek normaltasunez ikasi, erabili… ahal izateko. Bestalde, askotan hain urrun ikusten dugun Pirinioetatik haratagoko lurraldean, Iparraldean, euskarak ez du inolako onarpen ofizialik. Bertako biziraupena hango biztanleei zor diegu, bertako eragileei, ikastolei, gau eskolei, euskaltegiei, herri mugimenduari…
Amets Arzallusek Euskaraldian gogorarazi zigun bezala, orain denok omen gaude euskararen alde, zaila baita "kulturaren" kontra egotea, ea nork justifika dezake hori. Hala ere, ustez berarena den esparrutik ateratzen denean euskarak ezinegonak eta arazoak sortzen dizkie batzuei. Ez dugu ahaztu behar KORRIKAk urte luzez sufritu zuen boikota ere. "[Euskal Herriko edozein herri] ere, euskararen alde!" izaten da KORRIKAn entzuten den lemarik errepikatuenetarikoa. Gakoa, berriz, egotetik egitera salto emango dugunean etorriko da, Euskal Herrian Euskarazek gogorarazten digun bezala. Horretan ere Maialen Lujanbiok zorrotz heldu zion lekukoaren mezuan. Instituzioek herriaren nahiak bildu eta egikaritu beharko dituzte. Zertarako balio digu bada, alderdi ezberdinek, Legebiltzarrak, diputazioek, hautetsiek… lekukoa hartzen badute baina gero ez badute euskararen aldeko benetako apustua egiten, kontrakoa ez denean? Zertarako KORRIKAn agertu hurrengo egunean inauguratuko dituzten eraikinen/ekimenen izenak BEC (Bilbao Exhibition Center), Itzulia Basque Country, Urdaibai Bird Center, Basque Culinary Center, Basque Fest, Bermeo Tuna World Capital, Bizkaia Silver Week… bezalakoak badira? Globalizazioaren ondorioak, esango dute batzuek, renovarse o morir besteek… "Kosmopolitak vs kosmopaletoak" gehituko nuke nik.
Ez nuke ahaztu nahi, haiek ere instituzioa baitira, Antiguon egin zutenen kilometroa, apenas aste batzuk lehenago gazte bat isundu eta kazetari bat epaitegietara eraman zutenen kilometroa… Beste batean landu beharreko aparteko gaia.
Euskararen "aldeko" apustu honetan instituzioen eragina ere komunikabideetan islatzen da. Informazioa euskaraz argitaratzeagatik diru-laguntzak ematen dira. Bada, soilik ikusi behar dira nola egiten den banaketa hori, zeintzuen artean eta zein kantitatetan, sekulako auzo-lotsa sentitzeko. Aparteko artikulua beharko genuke Euskal Irrati Telebistaren egoera aztertzeko, KORRIKAren babesle nagusienetako bat. Soilik apunte pare bat: Gaur Egun eta Teleberri-ri eskaintzen zaizkien denbora, askotan euskaldunei gazteleraz erantzutera "behartzen”" zaiela, programa ezberdintasuna (meza, herri kirolak…)… buelta pare bat eman beharko diegu hauei baldin eta erreferentziazko euskal kate publiko bat lortu nahi badugu. Besarkada bat komunikabide alternatibo, euskaldun eta herrikoiei!
Zaila da, eta AEK-k ez du zertan mugatu edo aukeratu zeintzuek parte hartuko duten KORRIKAn eta nortzuek eramango duten lekukoa; baina batzuek haien konpromiso eza honelako ekimenetan zuritzea… Denborak bakoitza bere lekuan jarriko du.
Tira ba, segi dezagun KORRIKArekin hunkitzen (helduko da eguna ezen honelako ekimenak beharrezkoak izango ez diren), baina ez bi urtean behineko ekintza anekdotiko gisa. Izan ere herri bat dugu sortzeke, Maialen Lujanbiok 2009ko bertso txapelketan esan bezala "euskaratik eta euskaraz".
Gora Euskal Herri euskalduna! Gora AEK!