EAJ izan da alderdirik bozkatuena Uribe kostako hamar udalerrietan, eskualdeko botoen %37,1 eskuratuta. PSE izan da boto gehien lortu duen bigarrena, Elkarrekin Podemosegaz berdinduta ia: botoen %16 inguru izan da bakoitzarentzat. Joerak oso desberdinak dira, hala ere, batzuen eta besteen kasuan. Jeltzaleek, esaterako, orain hiru urte baino 10.000 boto gehiago lortu dituzte, eta sozialistek ia 7.000 gehiago. Aipatzeko moduko igoera izan du EH Bilduk ere, 2016ko 9.000 botoetatik 12.600era pasatuta.
Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, 8.000 boto galdu ditu 2016ko ekainetik hona, eta 5.500 inguru PPk. Madrilgo Kongresuan ordezkaritza lortu dutenen artean, Ciudadanosek eutsi egin dio aurreko hauteskundeen emaitzari (4.000 boto inguru izan dira haientzat), eta Vox hutsaren hurrengoa izatetik 3.000 boto lortzera igaro da; honenbestez, Uribe Kostako botoen ia %3 izan dira indar ultraeskuindarrarentzat.
Parte-hartzeari dagokionez, estatuko joeragaz bat egin du Uribe Kostak: zazpi puntu igo da eskualdean bozkatzera joan diren portzentajea, eta abstentzioa %22koa izan da.
Hona hemen eskualdeko emaitzak (letra lodian atzoko emaitzak, letra arruntean 2016koak):
URIBE KOSTA
EAJ: 38.961 boto (%37,1) / 28.707 boto (%30,0)
PSE-EE: 16.732 (%15,9) / 10.006 (%10,5)
Podemos: 16.547 (%15,8) / 24.817 (%26,0)
EH Bildu: 12.600 (%12,0) / 9.101 (%9,5)
PP: 10.525 (%10,0) / 16.056 (%16,8)
Ciudadanos: 4.189 (%4,0) / 4.057 (%4,2)
Vox: 3.065 (%2,9) / 101 (%0,1)
Herriz herrikako emaitzak Espainiako Barne Ministerioaren webgunean kontsulta ditzakezue, hemen