Elikaduran, zer da mitoa eta zer errealitatea?

Kotska Mandaluniz 2019ko mai. 8a, 08:15
Bitaminak ez dira desagertzen laranja-zukua egin eta berehala.

Zelako ziurtasunagaz esaten diren hainbat esaldi gogoangarri, horien gaineko zalantzarik izan ezin daitekeela dirudi. Bizitza-esparru guztietan gertatzen da hori, baina, kasu honetan, elikaduraz egingo dut berba, izan ere gauza asko sinetsi egiten ditugu, gure buruari ezer galdetu barik.

Jaki asko baztertu eta beste asko barneratu ditugu gure dietan, hainbat sineskeria okerren eraginez. Dena den, gaur egun dugun oinarri zientifikoari esker, osasunaren eta elikaduraren gaineko gero eta mito gehiago gezurtatzen ari dira. Agian batzuek logika apur bat zuten, baita zentzua ere aspaldi. Baina bada garaia, eta behin betiko, horiek gure bizitzetatik baztertzeko.

Ez dezagun txerria hainbeste egosi

Trikinosia txarto egositako haragia jateagatik hartu dezakegun gaixotasuna da. Animalia askok izan dezakete parasitoa, baina horien artean kezkatu behar gaituzten bakarrak txerria eta basurdea dira, familiakideak gainera. Neurriak hartzeko, gomendagarria dena baino tenperatura askoz altuagoetan egosten ziren lehen biak ala biak. Gaur egun, aldiz, parasitoa kontrolatzea lortu dute. Hortaz, ez ezazu prestatu txerria 71 gradu baino goragoko tenperaturetan.

Laranja-zukua eta beraren bitaminak

"Edan ezazu zukua arin, egin berria dago eta". Ziur nago bati baino gehiagori egiten zaiola ezaguna esaldi hori. Zientziak dioenez, haatik, kasu honetan behintzat gurasoek ez dute arrazoirik. Izan ere, Maria José Ibáñez Dietista eta Nutrizionisten Kontseilu Orokorreko kidea eta EAEko D-N Eskolako presidentearen arabera, «elikaduraren gaineko mitorik handienetariko bat da laranja-zukuaren bitaminena, eta ez du inongo oinarri zientifikorik». Egia da denbora igaro ahala hainbat bitamina galdu egiten dituela elikagaiak, baina prozesua ez da berez horren azkarra. «Laranja-zukua estali eta hozkailuan gordetzen badugu, bitaminak hamabi orduz mantenduko dira, gutxi gorabehera», azaldu du Ibáñezek.

Alkohola ez da desagertzen

Hainbat ikertzailek eztabaidatu dute gai honen inguruan. Lurrundu egiten da alkohola janaria prestatzen dugunean? Idahoko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, alkoholaren % 5 murrizteko beharrezkoa da gutxienez bi ordu eta erdiz jakiak prestatzea, eta su motelean, gainera. Hortaz, ardoa irakiten ipintzen dugunean lortzen duguna mingostasuna kentzea da, baina alkohola ez da desagertuko berez. Horrek ez du esan gura ez dugunik kozinatu behar, noski, baizik eta kontuan dela izan behar dugula alkohola hor egongo dela, medikazioa hartzen bagabiltza, edota intolerantziaren bat baldin badugu.

Arrautza eta kolesterola

Ikerketa askok erakutsi dute arrautza jateak ez duela zuzenean heriotza eta bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitzen. Bereziki hedatuta dagoen mitoa izan arren, ez genuke kontuan hartu behar. Izan ere, beste metaanalisi batek ziurtatu berri du sineskeria hori ez dela egia. Horren arabera, astean zazpi arrautza baino gehiago jan daitezke bihotzeko gaixotasun edota heriotza-arriskua handitu barik. Aztertu behar genukeena, bestalde, jango dugun elikagaia sortzen duten oiloen jatorri eta egoera da, horixe baita benetan garrantzitsua.

Ogiak loditu egiten du

"100 gramoko 250 kilokaloria inguru ditu ogiak, hortaz, neurriz kontsumitu beharra dago". Izan ere, eta gehienoi ondorengoa entzutea gustatzen ez zaigun arren, ura ez den guztiak loditzen du. Bestalde, pertsona batzuek ogiari leporatzen dizkiote erru guztiak, egunean zehar egiten dituzten gehiegikeriak kontuan hartu gabe. Eta noski, argaldu gura dutenean, hura jateari uzten diote, horregaz dena konponduko balitz bezala. Elikaduran adituak direnak, bestalde, haserretu egiten dira mito horregaz. Zein ogi aukeratu beharko nuke, zuria, zekalezkoa ala integrala? Nik neuk benetako ogia dut kutunena, gasolindegietan erosten dugun horren erabat kontrakoa, hain zuzen. Baina hori hurrengo artikulu baterako utziko dut...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun