Hizkuntzaren zalantzategia

"Diferente" eta "ezberdin" ez omen dira gauza bera

Eunate Muruaga 2019ko mai. 9a, 09:07

Erdaraz esanahi ezberdina hartzen du adjektiboak izenaren aurrean edo atzean jarrita, ondorioz, badira halako batzuk kalifikaziotik kuantifikaziora aldatzen direnak. Esaterako, ez dira gauza bera un nuevo ataque (beste eraso bat) edo un ataque nuevo (eraso berri bat: lehendik ez zegoena).

Erraz ikus liteke sarreran aipatu dugun adibidea ez dela kasu bakana, baina horrelakoak zenbat diren zaila da esaten. Gaur egun, oso ohikoa da euskaraz bi adiera horiek modu berean itzultzea, hau da, izenondoaren edo adjektiboaren berezko adierari eutsi gabe. Bide egokia da, beraz, ez ematea euskarazkoari erdarazko bereziak duen zentzua, oinarrizkoa baizik.

Askotan, baina, aurreko adibideetan ikusi dugun bezala, gaztelaniaz adjektiboa dena ez da euskaraz horrela izango, beste egitura edo joskera-molde bat beharko dugu horren ordez. Adibidez: unas simples llaves esaldia euskaraz "giltza batzuk besterik ez" esanda adierazten dugu, hau da, gaztelaniako adjektiboa (simple) beste egitura batez ordezkatu dugu (besterik ez).

Atal honetan, halakoetatik hedatuen eta arazo gehien sortu dituzten bi erabilera aztertzen ahaleginduko gara.

Berri

Adjektibo horrek arazoak sortzen ditu bereziki testuinguru narratiboetan: *Kolpe berri bat eman zion edo *Korner berri bat Athleticentzat. Aurretik aipatu bezala, gaztelaniaz ez du zentzu bera hartzen adjektiboa aurrean edo atzean jarrita. Eta hortik dator, hain zuzen ere, erabilera okerra. Izan ere, un golpe nuevo ez-ohikoa da erdaraz ere (non eta ez garen ari boxeolariren batek-edo asmaturiko kolpe bati buruz, hots, orain artekoak ez bezalako batez); baina un nuevo golpe moldeak bestelako adiera bat hartzen du: kuantifikazioa.

Euskaraz (beste hainbat hizkuntzatan gertatzen den bezala) ez da egokia horrela ematea zentzu hori. "Berri" hitzak zahar hitzaren antonimoa izan behar du, betiko lez. Hortaz, *aukera berri bat eman dio esan beharrean, egokiagoa da "beste aukera bat eman dio" esatea. Beste hauekin ere gauza bera gertatzen da: tanto berri bat egin dute (beste tanto bat egin dute) edo euri berriak ekarriko ditu ekaitzak (euri gehiago ekarriko du, edo ditu, ekaitzak).

Kasuren batean zuzenak izan litezke biak. Esate baterako, saguari klik eginda, ariketa berria aterako zaizu edo saguari klik eginda, beste ariketa bat aterako zaizu. Biak onargarriak dira, baina, betiere, kontuan hartu beharra dugu "ariketa berria" esapideak "lehengoa ez bezalakoa" esan nahi duela, eta ez "beste bat".

Desberdin, ezberdin, diferente

Gaztelaniatik datorkigunez gehienbat okerra, hartara joko dugu azalpena emateko. Diferente adjektiboaren (eta berdin gertatzen da haren sinonimoekin: distinto, diverso...) kokagunearen arabera, erabilera ezberdinak bereizten dira. Izenaren atzetik idazten denean, kokagune normala izaten du, eta euskaraz modu berean eman daiteke. Son casas diferentes = etxe desberdinak dira; vivían en pueblos diferentes = herri ezberdinetan bizi ziren. Horiexek dira, baina, horrela emateko bakarrak.

Gaztelaniaz kokagune berezia duenean izenondoak (izenaren aurretik), ezin da eman desberdin/ ezberdin erabilita euskaraz. Honelakoetan, esaterako: diferentes casas, diversos autores, diferentes actividades... Nola eman, orduan, halakoak? Bada, adjektibo ustela baztertu eta euskarazko kuantifikatzaile arrunt bat erabilita. Esaldiaren arabera ikusi beharko da zein aukeratu, izan ere, ez dago formula zehatzik ematerik, aukera bat baino gehiago egon baitaiteke. Adibidez: *Denda desberdinetan galdetzen hasi zen → Zenbait dendatan/ Denda batzuetan/ Denda askotan... *... euskaraz bizitzeko soluziobide ezberdinak eskaintzen dizkizu → ...hainbat irtenbide/soluziobide eskaintzen dizkizu. *Eduki ezberdinak egon daitezke: ariketak, datuak, grafikoak, etab. → Askotarikoak izan daitezke edukiak: ariketak... *Iritzi ezberdinak daude → Badira era guztietako iritziak. *Hitzek kategoria desberdinak izan ditzakete → Hitzek kategoria bat baino gehiago izan dezakete. *Animalien eta landareen elikatzeko modu desberdinak → Animalien eta landareen elikatzeko moduak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun