Belaunaldien arteko topaketa, menpekotasuna dutenen balioa agerian uzteko

Unai Brea 2019ko mai. 9a, 17:02
Umeek eta adinekoek elkarregaz jardungo dute Barrika Barrin. Artxiboko argazki honetan, Geroa ikastolako umeak Santa Maria de Getxo egoitzan dauden gizon-emakumeakaz. HODEI TORRES

Plentzia Eskolako umeak Barrika Barri zahar-egoitzara joango dira bihar, maiatzak 10, bertan bizi direnen lekuan jarri eta elkarregaz hainbat joko egiteko, menpekotasuna duten pertsonen balioa azpimarratzeko helburua duen jardunaldian. 300 parte-hartzaile inguru egotea espero da.

Bilboko Kirikiño eta Barrikako barrika Barrik antolatu dute ekimena, "zahartze aktiboa sustatu eta adinekoen gizarte-integrazioaren alde egiteko", euren esanetan. Horretarako, beste kolektibo batzuekaz harremana estutu gura dute, besteak beste.

11:00etan hasiko da topaketa, eta 13:00ak arte iraungo du gutxi gorabehera. Ekintzetako bat zahar-egoitzetan bizi direnek eta Plentzia Eskolako umeek elkarregaz egingo dituzten joko bereziak dira. Horietan, umeek hainbat proba eta oztopo gainditu beharko dituzte begi bat estalita edo hankak elkarri lotuta dituztela, edota gurpildun aulkian doazela. Modu horretan, hobeto ulertu ahal izango dute zer sentitzen den gaitasun-murrizketa eta menpekotasuna izanda. Gainera, adinekoek eta umeek elkarregaz dantza egingo dute.

Zahar-egoitzetako egoiliarrek azken urtean egindako elkartasunezko hainbat ekimenetan jasotako dirua emango diote momentuan bertan jakinaraziko elkarte bati, laguntza behar duten pertsonen alde egindako lana saritzeko.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun