Udaberriko kolore, usain, paisaia eta melodiak

Xabier Buenetxea 2019ko mai. 13a, 09:01
Hegazti batzuen izena egiten duten soinuaren araberakoa da.

Udaberriak ingurumenaren alderik atseginena erakusten digu, eta beragaz ekartzen ditu, behin eta berriro, argia eta beroa. Bizi-sentsazioak ernatu egiten dira Ama Lurraren edozein txokotan, eta zalapartaz ospatzen dute neguaren bizirauleek. Zikloa hastera doa berriz ere...

Garai honetan ez dugu buru hausten ibiltzeko beharrik ingurumenaz gozatzeko. Jarduerarik gomendagarrienetakoa izan daiteke, esaterako, zuhaitz baten azpian edo bide-ertzean jesarri eta hainbat hegaztik eskaintzen dizkiguten melodiak entzutea. Horretarako, egunsentia eta ilunabarra izaten dira momenturik onenak.

Gehien entzungo ditugun kantuak zozoarenak eta birigarroarenak dira, estrofa bakoitzaren aurretik nota berak errepikatzen ditu azken horrek. Eta soinu altu eta indartsu batek ezustean harrapatu eta bereziki harrituko gaitu. Zaila egingo zaigu, gainera, igorlea topatzea, izan ere hostoen koloreko txori txiki-txikia izango da zarataka diharduena: txepetxa. Zuhaixketan bizitzea gustatzen zaio, eta narrasean egiten du hegaz.

Landazabala ere beteko da kantuz. Hala, borobilka airatzen den ihi-txoriaren etengabeko «dzip, dzip, dzip»-a nagusituko da beste guztien artean. Hortaz, asko dira udaberrian entzun ditzakegun melodia eta kantuak. Sastraken artetik txinboek abestuko dute, zuhaitzetatik, aldiz, paridoek. Zelaietatik gari-bardantzeen, kardantxorien eta benarriz nabarren ahaireak entzungo ditugu, eta hezeguneetatik lezkarienak.

Txorien kantuek, gainera, garrantzi handia dute gure kulturan, zenbait alditan igortzen duten soinuaren arabera ipintzen baitzaizkie hegaztiei izenak. Horren adibide garbia dira kukua, etengabe errepikatzen duen «pe-pe-txin, pe-pe-txin» soinuagatik gure inguruan pepetxin izenagaz ezagutzen dugun kaskabeltza, eta «pi-txar-txar, pi-txar-txar» melodia kantatzen duen pitxartxar burubeltza.

Bikotekidea erakartzea helburu

Iskanbila horrek helburu argia du, noski: ugalketa. Dena dela, hegazti deigarri eta bizi-biziak izango dira, bereziki, gure udaberriko ibilaldietan lagunduko gaituztenak. Bestalde, eta modu isilago batean bada ere, badira urtaro berriko lore eta koloreen zain egoten diren beste hainbat eta hainbat talde, horien artean ornogabeak ere bai: tximeletak, kakarraldoak, tximitxak, armiarmak, erleak, euliak, mariburruntziak...
Beste animalia batzuek ornogabe-danbada hori aprobetxatuko dute elikatu ahal izateko, baita eguzkiak udaberrian ematen duen beroa ere, euren odola berotu eta metabolismoa aktibatzeko, negu osoa igarotzen baitute lotan. Narrastiez nabil berbetan, aldi berean miretsi eta gorrotatzen ditugun horiek. Haien artean daude muskerrak, sugandilak eta sugeren bat edo beste, gorbataduna, eskulapiorena edota larrasugea, adibidez. Hezegune eta ibaietan, aldiz, dortokak ikusi ahal izango ditugu harri edo enbor baten gainean eguzkia hartzen.

Aipatutako soinu zalaparta hori egun osoz luzatuko da garai honetan. Hala, urubiaren ulu bereziaz gain, mozoloak igortzen duen marruagaz gozatu ahal izango dugu udaberriko gauetan zehar, baita apo-hontzaren txistu erregularrakaz ere. Azken hori Afrikatik heldu da daborduko, gaueko beste hegazti intsektujale bategaz batera: zata. Estratetako espaloietan jarrita ikusi ahal izango dugu hura gauetan, lurrak gordetzen duen beroa aprobetxatzen.

Igel eta apoak ere kantatzen egongo dira hezeguneetatik hurbil, eta kontu handiz ibili beharra dugu gauetan errepideetan ez harrapatzeko, bereziki euria egiten duenean, orduan egoten baitira aktiboen. Antzera gertatzen da kirikiñoakaz, horrelako gauak baliatzen dituzte eta, euren harrapakinen bila joateko: karakolak eta zizareak.

Udaberrian ez da gauza zaila izaten animalia jaioberriakaz topatzea: zapaburuak, oiloak edota hainbat ugaztunen kumeak, azeri eta orkatzenak esaterako. Dena den, eta nahiz eta babes barik daudela pentsa dezakegun, ez da gomendagarria horiek hartzea. Utz ditzakegu dauden tokian, edo bestela hurbileko zuhaitz edo zuhaixka baten ondoan. Gurasoak beti egoten dira haiengandik hurbil, babesteko edota elikatzeko. Zentzu horretan, lasai egon gaitezke, beraz, ez baitituzte kumeak bakarrik utziko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun