Aurten ere, bat egin dute Bizkaiko askotariko hainbat museok hilaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Museo horietako gehienetan, doan izango da sarrera zapatu honetan. Gainera, "Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna" lelopean, 65 bat jarduera egingo dira Bizkaiko 24 ekipamendutan. Jardueretako batzuk Museoen Nazioarteko Egunean baino ez dira egingo, baina gehienak asteburu osoan egingo dira.
Bizkaiko museoen eskaintza espezifikoa
Zabala da edizio honetarako programatutako jardueren aukera. Ospakizun honetan parte hartzen duten museoen % 97k doako sarrerak eskaintzen dituzte beren instalazioak eta bildumak ikusteko, eta, horrez gainera, doako jarduera berezien programa zabal bat ere: familientzako tailerrak Arkeologi Museoan (Bilbo), Gernikako Bakearen Museoan (Gernikan), Rialian (Portugalete) edo Itsasoa Museoan (Santurtzi); ipuin-kontalaria Simón Bolívar Museoan (Ziortza-Bolibar), edo ibilbide kultural bat Enkarterrietako Museoan (Sopuerta).
Era berean, ordaindu beharreko jarduera batzuk ere eskainiko dira, prezio beheratuetan, adibidez: "Atxuriko Abadia" ihes-aretoa, Eleiz Museoak antolatua (Bilbo); ardo-dastaketa komentatu bat Elena Uriguen sommelierragaz, Txakolingunean (Bakio); antxoari buruzko hitzaldi bat eta antxoa-dastaketa bat Euskal Herria Museoan (Gernika), edo "Zerurainoko eskalada eta erorketa askea Bizkaia Zubian", Bizkaia Zubian (Getxo).
Horrez gainera, hitzaldi batzuk egongo dira, esaterako: "Quintín de la Torre, tradizioa eta modernitatea", Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan (Bilbo); "Ondarea eta Memoria Txilen: Villa Grimaldi adibide da", Gernikako Bakearen Museoan, edo "Artelana bere testuinguruan: Dionisioren itzal luzea", Bilboko Artelan Berreginen Museoan.
Musikak ere bere lekua izango du, Durangoko Arte eta Historia Museoan, non bertso-saio plastiko esperimental bat egingo den Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolarien eskutik, Maite Berriozabal gai-jartzailearekin batera. El Pobal burdinolan (Muskiz), "Ingudea eta dultzaina: burdinolaren hotsak!" jarduera egingo da.
La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda), Balmasedako Putxeraren Kofradiaren eskutik, aukera egongo da putxerak nola prestatzen diren ikusteko eta, gero, putxerak dastatzeko.
Amaitzeko, gauez egingo diren bi jarduera egongo dira: bat Gernikako Euskal Herria Museoan, non antxoari buruzko hitzaldi bat emango den eta antxoa-dastaketa egiteko aukera egongo den, eta Santimamiñe ikusteko gaueko bisita bat, kandelen argiaren pean informazio-gunetik kobaren ahoraino egingo dena.
Parte-hartu duten museoak Bizkaian
2019ko edizio honetan, Bizkaiko 24 udalerritako museoek egin dute bat ospakizun honetan:
- Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Artelan Berreginen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Aste Santuko Pasoen Museoa, Bilboko Vista Alegre Plazako Zezen Museoa, Euskararen Etxea;
- Abanto-Zierbenan (Gallarta), Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa;
- Bakion, Txakolingunea;
- Balmasedan, La Encartada Fabrika-Museoa, Pasioaren Interpretazio Gunea, Balmasedako Historiaren Museoa;
- Berangon, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa;
- Berrizen, «Margarita Maria. Berriztik mundura» museoa;
- Bermeon, Arrantzaleen Museoa;
- Durangon, Arte eta Historia Museoa;
- Elorrion, Valentin Berrio-Otxoa Museoa;
- Galdamesen, Loizaga Dorrea. Ibilgailu zahar eta klasikoen museoa;
- Gernika-Lumon, Euskal Herria Museo , Gernikako Bakearen Museo Fundazioa;
- Getxon, Bizkaia Zubia;
- Karrantzan, Dolomitas Museoa;
- Kortezubin, Santimamiñe;
- Leioan, Medikuntza Historiaren Euskal Museoa;
- Loiun, «Andrés de Urdaneta» Historia Naturalaren Museoa;
- Mañarian, Hontza Museo Fundazioa;
- Muskizen, El Pobal burdinola;
- Orozkoko Museoa;
- Plentzian, Plasentia de Butrón Museoa;
- Portugaleten, Rialia-Industriaren Museoa;
- Santurtzin, Agurtza Arrantza Interpretazio Zentroa eta Santurtzi Itsasoa Museoa;
- Sopuertan, Enkarterrietako Museoa;
- Ziortza-Bolibarren, Simón Bolívar Museoa.