Bizkaiko hondartza-denboraldiaren aurkezpena egin dute Gorlizen

Unai Brea 2019ko mai. 30a, 13:41
Gaurko aurkezpenaren irudia. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da hondartza-denboraldi ofiziala Bizkaian, eta Aldundiak gaur egin du sasoi horretan emango dituen zerbitzuen azalpena, Gorlizko hondartzan. 154 sorosle, 30 hondartzain eta 89 garbiketa-arduradun egongo dira aurten Bizkaiko hondartzetan.

Aldundiak 5,7 milioi euroko aurrekontua erabiliko du aurten hondartza-denboraldia kudeatzeko. Horren erdia garbiketa-lanetara bideratuko da, eta beste erdia segurtasunera. Bigarrena arloari dagokionez, Istripuak Prebenitzeko Sorospen eta Laguntza Zerbitzuan 154 soroslek jardungo dute, beste hemeretzi pertsonakaz batera (koordinatzaileak, laguntzaileak...). Egunero sei koordinatzaile eta 88 sorosle ibiliko dira lanean, 24 gunetan. Uribe Kostan, zehazki, 40 sorosle egongo dira: bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatxen, bost Barinatxen, zazpi Arrietara-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen eta bi Armintzan. Lanerako erabakiko dute ekipamendua ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian.

Horiez gain, 30 hondartzainek jardungo dute Bizkaia osoan, 10:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian, sorosleakaz, Ertzaintzagaz eta tokian tokiko udaltzainakaz elkarlanean. Bestalde, "Ume Galduak" zerbitzuak eskainiko dute aurten  ere hondartza denetan; eskumuturrekoak erabiliz galtzen diren 8 urtetik beherako umeak identifikatzea da helburua.

Berrikuntza banderetan

Iaz bezala, bandera bigaz adieraziko dira "freskatzeko eremuak", hau da, itsasoaren egoeragatik bandera gorria dagoen momentuetan uretara sartzeko moduko guneak, betiere hondoa ukitzen den eremutik urrundu barik. Bandera gorria uraren kalitate txarragatik ipintzen denean, lehenbiziko aldiz bandera osagarria ipiniko dute bandera gorriaren alboan, orain arte karteletan bakarrik erabili den ikurra ipiniz, bainua ezin hartzearen arrazoia zein den adierazteko.       

Ekipamendua prest

Denboraldiak dirauen bitartean 89 lagun arduratuko dira hondartzen garbitasunaz. Bestalde, daborduko ipinita daude 119 dutxa, oinak garbitzeko eta ura edateko 144 iturri, 725 paperontzi eta bestelako hondakin-biltegi eta 367 parriladun plataforma. irisgarritasuna bermatzeko ekipamendu eta programak ere egongo dira. Uribe Kostan, hain zuzen, Hondartza Denontzat programa egongo da Ereagan, Gorlizen eta Plentzian; uztail eta abuztuan funtzionatuko du zerbitzu horrek, 11:15etik 18:45era. Aldundiak eta Bidaideak elkarteak elkarlanean eskaintzen duten programa da Hondartza Denontzat, irrisgarritasun-baliabideak eta laguntza teknikoa eta laguntza pertsonala ematen diena mugikortasun arazoak dituzten pertsonei.

Hondartzen kalitatea goraipatu du Aldundiak

Gorlizko aurkezpenean esan dutenez, Bizkaiko hamabost hondartzak lortu dute ISO 9001 eta ISO 14001 ziurtagiriak, hurrenez hurren kalitateari eta ingurumenari dagozkionak. Plentziak eta Arrietara-Atxabiribilek EMAS erregistroa mantendu dute, hau da, Europar Batasunak ingurumen-arloan ematen duen bereizgarririk handiena, eta Gorlizko hondartzak kalitatearen Q berezigarria lortu du.

Segurtasunaren eremuan, AZTI-Tecnaliak garatutako Kosta System proiektua azpimarratu dute Aldudiko arduradunek. Itsasoaren egoera zehatzago ezagutzeko aukera ematen du aplikazio horrek, eta bainua hartzen dutenen segurtasuna handitzen lagunduko du, azaldu dutenez.

Azkenik, iazko denboraldian hondartzak erabili zituztenei egindako galdeketaren emaitzak gogoratu dituzte. Guztizko nota 7,8koa izan zen, eta nota onenak izan zituzten hondartza biak Uribe Kostan daude: Plentzia (9,08) eta Gorliz (9,02). Segurtasuna izan zen hoberen baloratuko arloa (8,72), eta garbiketa ondoren (7,6). Zerbitzu eta ekipamendutek 7,15eko nota izan zuten.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun