TAO sistema martxan ipiniko dute bihar Gorlizen eta Sopelan

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 31a, 10:00
Udalerri osoan egongo da indarrean TAO sistema Gorlizen.

Udaren eta eguraldi onaren etorreragaz batera, TAO zerbitzua martxan jarriko dute bihar, zapatuan, Sopelako hondartzaren inguruan eta Gorlizen. Azken udalerri horretan bigarren aldia izango da sistema ezartzen dutena, eta hainbat berritasun izango ditu aurten.

TAO sistema berriak protesta ugari eragin zituen iaz Gorlizen eta auzokideek eta bisitariek kexa ugari jarri zituen ezarpen hori zela eta. Hala, aurten hainbat berritasun ezarri diote horri. Gune urdinetan eta berdeetan aparkatzeko ordainketa goizeko 10:00etan hasiko da (09:00etan beharrean) eta 20:00etan amaituko da (21:00etan beharrean). Gune urdinetan, gainera, doan aparkatu ahal izango da 14:30etik 15:30era arteko tartean. Txartelei dagokionez, hilean 15 euro ordaindu beharko dira. Uda osoko abonuak, aldiz, 50 eurokoak izango dira; udatiarrek horiek eskuratu ahal izango dituzte. Udalerrian lan egin baina bertan bizi ez direnek ere irtenbidea izango dute aurten: denboraldi osorako 30 euroko bonua edo 10 eurokoa hilabete bateko txartela erosi ahal izango dute, betiere enpresaren ziurtagiria izanda.

TAO sistema ekainetik eta irailaren akabura arte egongo da indarrean Gorlizen. Bertan erroldatuta daudenek ez dute ordaindu behar izango autoak udalerriko kaleetan aparkatzeagatik, baina bai hondartzetako aparkalekuetan, horiek biak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan kokatuta daudelako eta hala ezarri duelako Itsasertz Mugarteak. Era berean, 50 euroko abonu bi ere erosi ahal izango dituzte, familiarrentzako edo. Tarifei dagokienez, kanpotarrek gehienek 4,5 euro ordaindu behar izango dute gune urdina duten 32 kaleetako batean autoa lau orduz aparkatzeagatik; gune berdean, aldiz, egun erdiko txartela bost euroan eskuratu ahal izango da, eta egun osokoa zortzi euroan.

Sopelan berdin jarraitzen du TAO sistemak

Txandaka aparkatzeko sistema Atxabiribil eta Barinatxe hondartzetako aparkalekuetan baino ez da indarrean egongo, astelehenetik domekara, 10:00etatik 20:00etara. Ez da bonurik egongo eta egun osoan aparkatzeagatik 5 euro ordaindu beharko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun