Hizkuntzaren zalantzategia

Nola eman behar dira orduak euskaraz?

Eunate Muruaga 2019ko eka. 10a, 09:59

Orduak adierazteko sistemek bide bat baino gehiago erakutsi dute euskaraz, eta sarritan sortu izan dira zalantzak: zeri erantsi behar zaio artikulua? Eta plural-marka? Hamarrak eta hogeitan ala hamarrak eta hogeian? Ordu bata eta hamar da ala ordu batak eta hamar? Horiek guztiak ikusiko ditugu atal honetan.

Euskaltzaindia beti oinarritu izan da erabileran eta tradizioan arauak sortzeko. Hortaz, azter dezagun, lehenengo eta behin, zein izan den orduen inguruan literaturan egon den erabilera; eta ondoren ezagutuko dugu Euskaltzaindiaren erabakia.

Orduaren berri emateko, tradizioa eta literaturako erabilera kontuan hartuz, orduaren zenbakia ematen da, plural-markarekin. Adibidez:  [...] bederatziak aldian juan zen Bernardatxo berriz ere arkaitzera; (Ama Birjiñaren Agertziak, Goñi, F.). Ordu bata-ren kasuan, baina, Bizkaialdean "ordu batak dira" nagusitzen ari dela ematen du; Erdialdean eta Ekialdean, aldiz, ordu bata/oren bata da (kontuan hartu erdaraz ere hainbat aldaera daudela: Amerikako hizkera askotan, ¿qué hora es? barik ¿qué horas son? galdetzen da; Bizkaialdeko gaztelanian, son la una esaten da, euskaraz bezala...).

Bestalde, erdia adierazteko Hegoaldean artikulua eta plural-marka "erdi" osagaiari eransten zaizkio; askotan "t’" erabiliz "eta"-ren ordez. Hala ere, kontuan hartu euskara baturako "eta" osorik idaztea aukeratu dela. Hona hemen adibide bat: Hamar eta erdiak direla esan bahidan, berdin-berdin sinistuko nian (Bi ahizpak, Lizardi).

Ordu osotik hamabost minutu igaro dela esateko, "eta laurden" egitura erabiltzen dugu. Dena den, kasu horretan ere izaten da zalantzarik; nagusiena artikulua non idatzi: orduari eta laurdenari, biei, erantsi ala laurdenari bakarrik? Bada, Hegoaldeko gure idazleek, erdirekin bezalaxe, azkenean bakarrik ematen dute plural marka: Ilunabarrean, berriz, 8 eta laurdenetatik 9 t’erdietara, jai eta aste (Mitxelena). Egungo idazleen joera, berriz, "bostak eta laurden"-en eredukoa da: Hirurak eta laurden dira, gero eta aukera gutxiago dauzkagu, honezkero itxi dituzte leku asko... (Urregilearen orduak, Aristi, P.).

Hurrengo ordurako zenbat falta den adierazteko, gehienetan "gutxi" (edo aldaerak: "guti", "gitxi"...) aurki daiteke: Eguardiko amabiak laurden gutxitan illargitik praille bat botako baluteke, eguardiko amabi-amabietan erretore etxean bazkari-zai egongo litzake (Pernando Amezketarra, Mujika, G.). Alabaina, gutxiago ere erabiltzen da, batez ere Hegoaldean: Goizeko bostak laurden gutxiagotan, lo gaizki eginda, ateratzen nuan maleta illunpetatik... (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte).

Komunztadurari dagokionez, ordu bata da esango dugu; singularrean, alegia.  Gainerakoetan, jakina, pluralean egingo da: hirurak dira, zortziak dira... Halere, zalantzak ordu bata gehi "x minutu" adieraztean sortzen zaizkigu, hau da, ordu bata eta hogei da ala ordu bata eta hogei dira? Tamalez, tradizioan ez da lekukotasunik ikusten, eta gaurko idazleen artean ere ez dugu adibide asko aurkitu: Ordu bata t’erdixak baño eztozak (Zirikadak, J. San Martin «Otsalar»).

Euskaltzaindiaren erabakia

Egun sistema berriak ezarri dira tresna elektroniko, pantaila eta abarrek eragindako aldaketen ondorioz. Nola eman hori euskaraz, horren inguruko tradiziorik ez bada? Hori guztia kontuan hartuta, Euskaltzaindiak erabakia hartu zuen. Honatx:

Orduak honela ematen dira: ordu bata, zazpiak... Postposizioekin, aldiz: ordu batean, zazpietan... Erdiak adierazteko ordu bat eta erdiak, zazpi eta erdiak... moldea erabiliko da. Laurdenak emateko ordu bat eta laurdenak/ordu bata eta laurden forma biak onartu ditu. Minutuak singularrean emango dira, eta gutxi/gutxiago bi moduak onartuko dira: bostak bost gutxi/gutxiago, laurak eta hogeian... Azkenik, zifretan ematen direnean, bi punturekin bereiziko dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili beharko dira: 00:12, 12:10, 09:25... Kasu-markak jartzean, orduei plurala erantsi behar zaie, eta minutuei singularra: 15:00etan, 15:05ean, 15:30ean. Irakurtzeko orduan hobe da, nolanahi ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta bostean... Egitarau, kartel eta horrelakoetan, ordea, ez dago eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, iluntzeko 8etatik 11k arte...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun