Sakonean

Euskal Herriko kantutegia, jalgi hadi plazara!

Unai Brea 2019ko eka. 11a, 08:00

Erandioko Kantagunea. HODEI TORRES

Euskal Herrian kantagune-taldeen eztanda izan da azken hamarkadan, eta Uribe Kosta ez da salbuespena, ez denez. Filosofia sinplea da: kantuaren bidez euskara kalera ateratzea. Ondo pasatzeak ere ez du kalte egingo.

Aste-akabua, bariku arratsaldea seguruenik. Ohiko potea hartzen zabiltza eta horra hor, aldamenean, jende-multzo handia, honezkero sano ezaguna ere bai, betiko kantuak ahoan darabiltzala. Norberak erabaki beza "betiko" adjektiboari zer kutsu eman, ona edo txarra. Euskaraz kantatzen dute, gitarra batek eta pare bat soinuk lagunduta, eta gaztaroa gainditua izan ohi dute. Kantagunea izena dute herri batzuetan, Kantari besteetan, antzekoren bat ia denetan. Gehienak maiztasun finkoz irteten dira kalera, normalean hilean behin, eta entseguak ere egiten dituzte askok. Uribe Kostako zenbait herritan aste-akabuko paisaiaren parte bihurtu dira daborduko.

Josu Zarate erandioztarrak ondo ezagutzen ditu mota honetako taldeak. Altzaga auzokoaren eta Bilbokoaren sortzaileetako bat da, eta bi horietan ez ezik, zuzendariarena egiten du Astrabuduakoan ere. "Tira, zuzendari-zuzendari... gurago dut dinamizatzaile berba", ñabartu du, "besoak mugitzen dituena naiz ni, azken batean, lan hori egiten duenik ere behar izaten da eta". Erandion Kantagunea sortu zuten momentua gogoratu du Zaratek, eta haren kontakizunak lagunduko digu, beste ezerk baino hobeto, fenomenoaren gakoak ulertzen.

2000. urtean, Altzaga ikastolako guraso-elkarteko zenbait Santa Ageda bezperan koplak kantatzera irtetea erabaki zuten. "Horren ostean, batek proposatu zuen betiko euskal kantuak egiteko biltzen hastea, eta hori izan zen abiapuntua; hilean elkartzeari ekin genion, kantuak ikasteko", gogoratzen du Zaratek. Esan barik doa, euskaltzaletasunak bultzatu zituen pauso hura egitera: "Erandion, eta are gutxiago gure auzoan, Altzagan, euskarak ez zuen eta ez du presentzia handirik kalean; zer edo zer egin gura genuen euskara kalera ateratzeko, eta pentsatu genuen kantua bide aproposa eta erakargarria izan zitekeela, dibertitzea ere helburuetako bat baitzen". Horrela hasi zen ia hogei urte dirauen ibilbidea, artean fenomenoa gaur egun bezain zabalduta ez zegoela. "Bizkaian aitzindariak izan ote ginen? Ez dakit, baina baliteke", dio Josu Zaratek.

Gazteak zelan erakarri

Uribe Kostan gaur egun dabiltzan gainontzeko taldeak amaitzear dagoen hamarkada honetan jaio ziren. Aldeak daude besterik bestera, baina ezaugarri komun asko dituzte. Horietako bat, parte-hartzaile gehienek erretiroaren adinaren bueltan ibiltzea; herriren batean aurpegi gazte ugari ikusi badaiteke ere, ez da hori ohikoena.   

"Behin baino gehiagotan eduki dut gazte jendea erakartzeari buruzko eztabaida", aitortu digu Josu Zaratek, "inoiz baten batek esan dit 'geu gara azkenekoak, gure ondotik ez da inor etorriko kantuan', eta ez dut uste hala denik". Gaur egun Altzagako Kantagunean dabiltzanetatik, gazte-sasoian oso gutxi kantatzen zutela gogoratzen du bertako dinamizatzaileak.  Haren iritziz, "gaztetan beste lehentasun batzuk izaten dira, batez ere aste-akabuan; baina gu orain kantuan bagabiltza, gaztetan beste batzuk ikusi ditugulako izan da, Euskal Herrian beti kantatu izan da eta". Bestela esanda, oraingo gazteek etorkizunean erreleboa hartuko dutela uste du Zaratek.  

Beste faktore batek ere azal ditzake adin-kontuok: "Gure garaian melodiak zeukan garrantzia, gaur egun, aldiz, sarritan  tresnak daude ahotsaren gainetik, eta kantu asko ez dira errazak taldea handietan abesteko". Horren ondorioz beharbada, kantaguneetako parte-hartzaileak bezain "beteranoak" izaten dira errepertorioak ere, oro har. Horri lotutako beste gaitz bat izaten da kantu-zerrendetan aldaketa gutxi egotea hil batetik bestera. Azken batean, bertan dabiltzanen gustuaren araberakoa da hori, baina arriskua ere badu, batez ere helburua inguruan dabilen jendea kantura erakartzea dela kontuan izanda. Hor zehar dabilen txiste batek dioenez, ez dadila kantagunea kantsagune bihurtu.

Kritikak kritika (egon badaude eta), euskarari bultzadatxoa emateko helburua bete egiten dela uste du Josu Zaratek. Eta ez bakarrik kalean entzunarazteagatik. Parte-hartzaileetako asko erdaldunak izanda, kantaguneetan ibiltzeak lagundu egin die euskarara hurbiltzen. Ez da negozio txarra, prezio bakarra lagunartean goxo egotea dela kontuan izanda.

Hogei urte Epherrak abesten, eta liburuari begira oraindino

Elkarrizketaren amaiera hurbildu ahala, ezin izan diogu eutsi Josu Zarateri pare bat galdera zirikatzaile egiteko tentazioari. Hona hemen emaitza, eta barka diezagula kantaguneen jainkoak, halakorik existitzen bada...

Ia hogei urte kantu berak abesten, eta oraindino letrari begira denak, ezin buruz ikasi... Esperantza galduta duzu honezkero?

Beti haserretzen naiz apur bat, barka nazatela baina... Batez ere Santa Agedako koplekin: "Jode, 2000. urtean hasi ginen, bi kantu dira, urtero berdinak, eta oraindino ez zarete kapazak izan ikasteko?". Tira...

Egitarau ofiziala amaitu da, baina inork ez du etxera joan gura. Errepertorio "estraofizialean", ordea, erdara barra-barra...

Jendea oso da horren zalea, eta eskatu egiten du, lehen gehiago orain baino: "¡Eh, unas sudamericanas, unas rancheras!". Barka, baina Kantaguean gaudela euskaraz kantatuko dugu; gero, modu informalean, nahi duzuena. Ez dago arazorik horrekin, gauden tokian gaude, daukagun gizartea daukagu, eta gauza batek ez du bestea kentzen, baina kalean, modu "serioan" gabiltzala, gure errepertoriokoak bakarrik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun