Ezagutzen al dituzue jengibrearen propietateak?

Izei Azkue 2019ko eka. 11a, 09:58
Jengibrezko goxua zelan egin jakin gura? Adi Izei Azkueren errezetari.

Jengibrea elikagai gisa erabiltzeaz aparte medikuntzan ere erabili izan da historian zehar, Asiako herrialdeetan batez ere. Jatorria kontinente horren hegoaldeko oihanetan izanda ere, gaur egun mundu osoan lantzen da; horri esker, eskuragarri daukagu edozein fruta-denda zein erostetxetan.

Indiako esaera zahar batek honako hau dio: «Gauza on guztiak jengibrean aurkitzen dira». Esaldi horrek erakusten du zein garrantzitsua izan den landare-sustrai hori Asiako herrialde ugaritako medikuntza tradizionalean, elikagai horrek osasunerako dituen onurengatik.

Jengibrearen propietate medizinalak. Plaketa-agregazioa eragotzi egiten du, eta hala, gaixotasun kardiobaskularrak murriztu eta odolaren zirkulazioa hobetzen du. Era berean, gingerola, bere osagai aktiboa eta bere zapore minaren erantzulea, hanturaren aurkako agente garrantzitsua da. Baieztatu egin da propietate horiei esker kolon-minbizia saihestu egiten duela jengibreak. Bero-ahalmen berezia ere badu: izerdia eragiten du, eta gripe eta sukarraren aurrea lagungarria da. Zorabioei lotutako sintomak txikitu egiten ditu eta haurdunaldiko goragaleak saihesteko ere baliagarria da. Guzti horrez gainera, arnasatserako ere erabiltzen da; teknika berezi baten bidez jengibrea ozpindu egiten da arnasatsa kentzeko. Jengibrea normalki kontsumitzea oso gomendagarria da, baita hesteko bakterio eta mikroorganismoak kentzeko ere. Edozelan, jengibrea neurrigabekeriaz kontsumitzea osasunerako kaltegarria izan daiteke, bai urdailerako baita arnas aparaturako ere.

Jengibrearen erabilera sukaldaritzan

Jengibrea asko erabiltzen da Asian, Txinan gehienbat; hala ere, mundu osora zabaldu egin da, aipatu ditudan ezaugarri bereziengatik. Nire kasuan, eta gomendio modura, esan dezaket edozein krema egitean jengibre birrindua botatzeak ukitu berezia zein gozoa emango diola, hala nola porrusaldan edo kuia-krema batean, esate baterako. Curryak egiteko ere oso gomendagarria da; nahasketa horren oinarri modura jengibre- eta berakatz-eskukada bat bota daiteke, olio apur bategaz, noski. Curryak egiteko ezinbestekoa egiten zait jengibrea, bai azaldu dudan bezala oinarri moduan egitea zein curryaren nahasketa lehorraren artean. Entsaladetan ere, birrinduta botatzeak ukitu mina ematen dio mokaduari.
Ikusi duzuenez, jengibreak aukera ugari eskaintzen ditu sukaldaritzan. Janari tradizionalak alda ditzakegu gure egunerokotasun gastronomikoetatik apur bat aldentzeko eta gauza berriak probatzeko. Hala, Euskal Herrian tradiziozkoa den azkenburuko bat hartu eta moldaketa bat egingo diot jengibrea erabilita: lima eta jengibrezko goxua.

Lima eta jengibrezko goxua

Osagaiak:

Jengibrezko krema

  • Litro bat esne, 100 gramo azukre, jengibre sustrai-zatia, 3 arrautza eta 45 gramo arto-irin.
  • Limazko esne-gain harrotua
  • Litro bat esne-gaina eta lima.

Urazukrea

  • Limaren azala, jengibre-zatia, 400 gramo azukre eta 400 mililitro ur.

Bizkotxoa

  • 4 arrautza, 120 gramo azukre eta 120 gramo irina ahul.

Hasteko, esnearen % 75 jengibreagaz egosiko dugu, horiekaz infusioa egiteko. Bitartean, gainontzeko osagaiak soberan dagoen esneagaz irabiatuko ditugu. Infusioa eginda dagoenean, jengibre-zatia atera eta gainontzeko nahasketa-esnera gehituko dugu. Hori dena sutan izango dugu, dena irakin arte eta nahi dugun gorputza eduki arte. Ondoren, krema hozten utziko dugu.
Limazko esne-gain harrotua egiteko, infusioa egingo dugu esne-gainagaz eta lima-azalagaz. Ondoren, hozkailuan hozten utziko dugu hamabi orduz; horrek oso hotz egon behar du gerora haga bategaz harrotu ahal izateko.

Bustitzeko urazukrea egitea oso erraza da: osagai denak kazola batean ipini eta ura irakiten ipini azukrea urtu arte. Ondoren, hozten utziko dugu. Bizkotxoa egiteko, lau arrautza azukreagaz batera harrotuko ditugu bolumena hirukoiztu arte. Ondoren, irina bota eta nahastuko dugu kontu handiz, lehen sortutako burbuilak apurtu ez daitezen. Ondoren, molde batean sartu eta laberatuko dugu, 180 gradutan, eginda dagoen arte.

Den-dena hotz eta prest dagoenean, bizkotxoa apurtu eta urazukrean bustiko dugu. Hori oinarri modura ipiniko dugu edalontzi batean. Ondoren, esne-gain harrotua bizkotxoaren gainean jarriko dugu, den-dena estaliz. Segituan prozesu berdina egingo dugu jengibrezko kremagaz, esne-gainaren gainean. Azkenik, azukrea gehituko dugu denaren gainean, suagaz azken hori karamelizatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun