Arauak bete behar badira, nork gura du normala izan?

Leire Arkotxa 2019ko eka. 13a, 08:37
«Normaltasunaz» dihardugunean sexu-genero sistema bitarrean oinarritzen garela dio Arkotxak.

Normaltasun delakoaz ari garenean sexu-genero sistema bitarrean oinarritzen gara, eta horrek gauza askotan eragiten digu: identitate sexuala, desiraren orientazioa, genitalak, generoaren identitatea... Baina, zer gertatzen da dikotomia hori betetzen ez dugunean?

Jeanette Wintersonek hurrengo galdera egiten zion bere buruari: "Zergatik zoriontsua izan normala izan zaitezkeenean?". Baliteke galdera horri inoiz erantzuna eman ez izana, baina seguru nago gutako askok, egin behintzat, inoiz egin diogula geure buruari.

Sozializatze-prozesuan "normala" izatea zer den ikasten dugu, eta norbanakoak duen (identitatea eta adierazpena) sexuaren eta generoaren arteko batasunari lotuta dagoen modelo bat betetzeagaz lotzen dugu. Hau da, "normaltasunaz" dihardugunean sexu-genero sistema bitarrean oinarritzen gara, eta horrek gauza askotan eragiten digu: identitate sexuala, desiraren orientazioa, genitalak, generoaren identitatea... Baina, zer gertatzen da dikotomia hori betetzen ez dugunean?

Egia da beharrezkoa den aldaketarako borroka luzea izan dela. Izan ere, marko normatibo denei aurre egiteak eragina dauka, eta ez bereziki positiboki; gehienetan, gainera, ondorioak gizartearen penalizazioan islatzen dira. Gure lehengo ideiak oso sustraituta ditugu orokorrean eta berriak ez dira osatu oraindino. Desorientatuta bizi gara, aldaketarako prozesu batean murgilduta. Hala ere, den-denak oso modernoak gara, progresistak eta ditugun ideia ireki eta askatzaileez harro gaude, baina benetan halakoak gara?

Norberak normala izateari uzten dio beharko lukeen unean edo lekuak desiratzeari uzten dionean. Norberak normala izateari uzten dio gustukoa ez dena zarenean. Norberak normala izateari uzten dio beharrezkoa litzatekeen moduan jokatzen duenean. Norberak normala izateari uzten dio normaltasuna existitzen ez dela demostratzen saiatzen denean. Baina, zer da egokia eta nork erabaki behar du horrek hala izan behar duela? Dena sinpleagoa izango litzateke pertsonak euren biografiatik ulertuko bagenitu eta ez gure moraltasunetik. Batzuetan hanka sartzen dugu beste pertsona baten errealitatea gure ikuspegitik epaitzen dugunean. Kasu horietan, ezinezkoa da pertsona horren benetakotasuna ulertzea, hura errefusatzeraino.

Ez ditut zenbait jokabide justifikatu gura, baina homofobia, transfobia, bifobia eta lesbofobiaren oinarria ezjakintasunaren ondorio direla uste dut. Hau da, ezjakintasunak beldurra dakar, eta beldurrak errefusa. Horren denaren harira, behinola entzundako esaldi bat etortzen zait burura: "Ideiak zapata zaharrak bezalakoak dira; oinera erabat egokitzen dira, baina, batzuetan, ez dute lur-eremu berrietarako balio eta zapatak aldatu behar dira". Aldaketarako momentu batean bizi gara, aldarrikapenetarakoa eta ikusaraztekoa. Askok zalantzan ipintzen dituzte horrenbesteko etiketak beharrezkoak diren edo ez, aurrean ditugun errealitateak izendatzeko. Badirudi izendatzen ez dena existitzen ez dela; hala, askorentzat etiketa horiek beharrezkoak dira euren burua ulertzeko eta zelan bizi diren izendatzeko.

Pertsona guztien berdintasunaren alde borroka egiten gabiltza, baina benetako dibertsitatea barneratu barik. Dibertsitateaz berba egiten dugunean, ez dugu gizon eta emakumeen bitartasunetik kanpo sentitzen diren pertsonez berba egiten bakarrik, horrek dakarren guztiagaz, hala nola bete beharreko rolak eta betetzen ez ditugunak, genitalei lotutako identitatea eta horrekiko bat egiten ez dugunean.

Dibertsitateaz berba egiten dugunean harago jo behar dugu. Ulertu behar dugu pertsona bakoitza bakarra eta errepikaezina dela. Ez dago izateko modu bakarra, baizik eta milaka miloi. Eta horixe da ezberdintzen gaituena, berezi egiten gaituena. Ideia hori barneratuta izan behar dugu edozein pertsonaren aurrean gaudenean. Ezberdina da, bai, baina den-denok elkarren ezberdinak garelako. Era berean, gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean bestea modu ezberdinean jokatzen badugu beragaz, ez dugu akaso gutxiagotzen?
Askotan entzuten ditugu aniztasun sexualaren tolerantziari lotutako mezuak, eta arriskutsua da hori. Nik ez dut tolerantzia modura ulertzen, begirada bat balitz bezala baizik. Orduan, normaltasuna aurrezarritako arauak betetzea bada, nork gura du normala izan?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun