Japoniako arte-egonaldietan sortutako lanak ikusbide

Erredakzioa 2019ko eka. 11a, 11:44
Hiru artistak, Lorea Bilbao foru diputatuagaz, erakusketaren aurkezpenean. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Maider Gonzalo Salceda erandioztarrak eta Izaro Ieregi Gonzalez getxoztarrak Japonian igarotako arte-egonaldian sortutako lanak ikusgai daude Bilboko Berreginen Museoan KAO. Lora, Sandia eta Printzesa erakusketan.

KAO. Lora, Sandia eta Printzesa deitzen da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa. Bertan, Bizkaiko hiru artistek Japonian igarotako arte egonaldian sortu zituzten lanak aurkeztu dituzte; egonaldia Ertibil-Bizkaia 2018 saria jaso ondoren gauzatu zuten. Hala, irailaren 1era bitartean, hiru artista hauen lanak erakutsiko dira Bilboko Berreginen Museoan: Maria Muriedas Diez (arte egonaldia Youkobo Art Spacen, Tokion egin zuen) Joshibi Tokioko Arte eta Diseinu Unibertsitatearekin lankidetzan; eta Maider Gonzalo Salceda eta Izaro Ieregi Gonzalez, arte egonaldia Studio Kuran, Fukuokan, egin zutenak.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak, erakusketa aurkeztu zuen atzo, astelehenean, Ertibil 2018ko irabazleakaz batera: "Bizkaiko Foru Aldundiak bi egonaldi artistiko hauekin nahi duena da artistek bizitako esperientzien bitartez lana hobetzea eta garapen profesionala izatea, eta hala, kultura trukea sortzea. Azken finean, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea, artisten garapena lantzeko. Lurraldeko talentua sendotzeko eta hedatzeko beste ekimen bat da".

Maria Muriedas Diezek, Maider Gonzalo Salcedak eta Izaro Ieregi Gonzalezek arte egonaldia 2018ko ekainean, uztailean eta abuztuan egin zuten, eta daborduko esperientzia berri horri esker sortutako lanak ikus daitezke Bilbon.

Erakusketan egongo diren proiektuak

Dragoi formako makila hartu duen gizona, Maider Gonzalo Salceda artistaren erandioztarrarena: Japoniako egonaldian nagusiki Itoshima eta Fukuoka inguruetan ateratako argazkiez osaturiko lana ikus daiteke museoko paretetan eta baita bideo proiekzio bat ere. Egonaldian zehar, Maiderrek argazki batzuk inprimatu eta estudioko horma batean jarri zituen konposizio bat egiteko. Prozesu horren ondorioz, argazkiak eta espazioa lotzen hasi zen. Bere estudioa kaletik ikusten zen eta jendea estudiora sartzen zen bakoitzean hormaren aurrean argazkiak ateratzen zizkien. Paretak hondo lanak egiten zituen. Orain Berreginen Museoko erakusketan hondoaren gai horrekin jarraitzen duela ikusi daiteke.

Txandal, Japan night album eta Miyako proiektuak, Izaro Ieregi Gonzalez artista getxoztarrarenak: Txandal izeneko lehenengo proiektuan bi pantailako bideo-instalakuntza dago. Aurretik egindako ariketen filmaketa eta argazki sesio ezberdinen jarraitze naturala da. Sei ekintzek koreografia bat osatzen dute. Miyako hiru pantailaz osatutako bideo-instalakuntza da. Fukuokako metroan zoriz ezagututako opera abeslari bategaz egindako lana da. Bukatzeko, Japan night album Izarok egindako hirugarren proiektua da; Japonian grabatutako bideo baten frame-tatik ateratako argazkiakaz egindako instalakuntza da.

Triple X, Maria Muriedas Diez artista mungiarraren lana: Artistak bere belaunaldiko pertsonakaz topaketak izan ditu eta argazkigintzaren testuinguruan poseekin zerikusia duten zenbait jokaera aztertu ditu. Modu horretan performance egoera bat sortzen da, eta hortik proposamen gisa partitura bat hedatzen da, interpretatua izateko baldintzak ezartzen dituena. Prozesuaren praktika eraikitzen doazen alderdiak dira zuzentzea, men egitea edo zoria.

Proiektua 2015ean hasi zuen EHUn artearen eta bere belaunaldiaren inguruko pertsonakaz filmatutako argazkigintza-saioak egin zituenean. Aurten Japonian saioak errepikatu ditu ezaugarri berdinak dituzten pertsonakaz, baina kultura eta testuinguru ezberdinetakoak direnak hain zuzen ere.

Erakusketan proiektua dagoen espazioan banatutako lau pantaila ikus-entzunezko ezarri dira.

Artistak

Maider Gonzalo Salceda

Erandio (1994). Arte Ederren Gradua bukatu zuen EHUn 2016an. 2018an Arteko Ikerketa eta Sormen masterra egin zuen EHUn. Hirugarren saria jaso zuen Ertibil Bizkaia 2018 programan eta Japonian, Fukuokan, hiru hilabeteko egonaldia egin zuen horri esker. Bost erakusketa kolektibotan parte hartu du: 2019 Dime Dame Aire galerian;  2018 Ertibil Bizkaia; arte ederrak 2018 Zarautz; 2018 Bilakaera Okela sormen lantegian; 2016 Zabor zuria Arrasateko Kultur Aten eta Harriak, Eremuak programagaz.

Izaro Ieregi González

Getxo (1989). EHUn Arte Ederretan lizentziatu zen 2010ean. 2013an beste bi emakume artistakaz batera OKELA espazioa sortu zuen Bilbon. Erakusketa indibidualak egin ditu Ariz Dorre Etxean, Basaurin (2017); C.C. San Martin-en, Buenos Aires-en (2017) eta Chinese European Art Centre-n, Xiamen-en (2017). Bere lanak beste espazio batzuetan ere aurkeztu ditu: Bilboko Guggenheim Museoan (2017), NY Space-n, Manchester-en (2016) edo Getxoarten (2016). Egonaldi artistikoak egin ditu Bilbaoarte fundazioan (2016an Bilbon) eta Tabakaleran (2018an Donostian). 2018an Ertibil-Bizkaia ekimeneko bigarren saria irabazi zuen eta egonaldi artistikoa egin zuen Studio Kura-n, Japonian.

Maria Muriedas Diez

Mungia (1994). Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako Gradua bukatu zuen 2016an, eta 2017an, unibertsitate berean, Arte Garaikideko, Teknologikoko eta Performatiboko masterra bukatu zuen. Argazkigintzan eta bideogintzan lan egiten du gehienbat. 2017an EHUko beka bat eskuratu zuen Renon (NV, AEB) egonaldi artistikoa egiteko, eta urte berean Getxoarten, Praktika Artistikoen Aretoan, ohorezko aipamena jaso zuen. Parte hartutako erakusketa kolektiboetan zehar Zabor Zuria erakusketa azpimarratu behar da, Jon Otamendik koordinatua eta Eremuakek antolatua Harriak programaren barnean 2016an, baita GALERIAK Oskola Parau izeneko erakusketa ere, OKELA Sormen Lantegiak sustatua Getxoarte 2018 ekimenean. Orain dela gutxi Ertibil-Bizkaia 2018ko lehenengo saria jaso zuenez Tokion, Japonian, egonaldi artistikoa egin du eta Getxoarte 2018 Aretoa saria eskuratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun