"Bizitzak Biziarazi" ekimena martxan jarri du Uribe Kostako Ernaik

Iker Rincon Moreno 2019ko eka. 12a, 13:33

Bilbo Metropolitarraren proiektuan, Uribe Kosta eskualdea "burgesiarentzako eskualde gisa" saldu egiten dela salatu du Ernai gazte-antolakundeak. Egitasmo horrek bertako langile eta herri sektoreengan ondorio "latzak" eragingo dituela ondorioztatu du, "are gehiago gazteongan". Hori dela eta, herri-egitasmo emantzipatzailea artikulatzeko apustua egin dute. Lehenengo ekintzarako, martxa egingo dute hilaren 13an eta 14an eskualdean barrena, "eskualdeko miseriak" jomugan jartzeko.

Kapitalaren aurrean bizitza zentroan jarriko duen herri egitasmo emantzipatzailea artikulatzeko apustua egin du Ernaik, "Bizitzak Biziarazi" izenekoa. Borrokaldi hori burujabetza praktiketatik igaroko da, "Euskal Herrian ireki den ziklo mobilizatzaileari gazte eremutik ekarpena egiteko ordua da", antolatzaileek azaldu dutenez.

Hala, Uribe Kostan Bilbo Metropolitarraren logikak eragindakoak salatzeko martxa egingo dute eguenean eta barikuan, hilaren 13an eta 14an. Lehenengo hitzordua Plentzian jarri dute, 18:00etan. Hala ere, aurretik berbaldi bat egingo dute gaur, eguaztenean, Itzubaltzeta/Romoko Etxe Merkean. Horretan, apustuen etxeen inguruan hausnartuko dute Igor Meltxorregaz, 19:30etik aurrera.

"Euskal Herrian Bizi" dinamikaren ikasturte honetako azkenengo ekimenak izango dira egunotakoak. Mobilizaziook prekarietatearen aurkako borroka indartu eta saretzeko helburua izango dute, Ernaik azaldu duenez. Hala, ekainaren 13an eta 14an eskualdean ibiliko dira han eta hemen, bertoko problematikari heldu eta erantzunez. Ekainaren 15ean, aldiz, Euskal Herriko udalerri guztietako talde denek bat egingo dute Gasteizeko mobilizazio orokorrean.

Uribe Kostako martxaren egitaraua:

Ernai gazte-antolakundearen oharra, osorik:

Bilboko Metropolia logika zehatz baten arabera eraikitzen ari den hiri-ideia da. Neoliberalismoak urbanismoaren erabilera jakin bat egiten du gurean, hiri eta herriei erabilera estrategikoak esleituz eta plan urbanistikoen bidez kapitalismoaren hedapenaren mesedetan moldatuz. Zalantzarik gabe, hirigintza-planak gizarte eredu bat gailentzeko interesarekin pentsatzen dira, gizarte sektore batzuk erdigunean jarriz eta beste batzuk periferiara baztertuz. Bilbo Metropolitarraren proiektu honetan Uribe Kosta burgesiarentzako eskualde gisa saltzen da, estatus sozioekonomiko altua duen publiko bat nahi dutelako hemen. Costa Rica klub pribatua nahi dute eraiki, soilik dirudunen eskura egongo den eskualde bat eta sektore pobretuenek lekurik izango ez dugun eskualde bat. "No estamos ni en sus planos ni en sus planes", ez bada gurekin jolasteko.

Eta bai, gure herriekin eta gurekin jolasten ari dira. Guretzako miseria, beraientzako Costa Rica World. Eliteen atrakzio-parke bihurtu nahi dute gure eskualdea: gure lur eremu eta lan esku merkearen truke mozkinak atera eta gutxi batzuek "a su antojo" erabil dezaten. Gune ekonomiko handiak, luxuzko etxebizitzak, merkatalgune erraldoiak, proiektu faraonikoak, kultura eta aisialdi elitista, postaletako herriak, kruzeroak… Eta fantasiazko atrakzio-parkean PNV jaun eta jabe, noski!

Aberatsen mesederako antolaketa sozial, politiko eta ekonomiko honek ondorio konkretuak ditu gure herrietako langile eta herri sektoreengan: aisialdirako aukeretan, lan motetan, etxebizitzen eskurapenean... Indibidualismora kondenatzen gaituzte, gure herriarekin ditugun loturak eten, komunitatea sortzeko aukerak ezabatu, antolakuntzarako espazio eta bideak oztopatu eta norbanakoen bizitzak kapitalaren mesedetan jarri. Eta nola ez, gazteok era bortitzagoan pairatzen ditugu albo-kalteak. Kanpoan lan, kanpoan kontsumitu, kanpoan bizi; gure herrian bizi proiektu integrala garatzeko aukerarik gabe uzten gaituzte. Erregimen zapaltzailea ordezkatzen duten klase politiko eta ekonomikoek gure kontura aberastu eta prekarizazio kronikora kondenatzen gaituzte. Prekarietateak gazte aurpegia dauka, eta erantzule zuzenak ditu.

Zuen fantasiazko Costa Ricarekin gazteon miseria areagotu nahi duzuenek jai duzue! Kapitalaren aurrean bizitza zentroan jarriko duen herri egitasmo emantzipatzailea artikulatzeko apustua egin dugu, eta borrokaldi hau burujabetza praktiketatik igaroko da ezinbestean. Euskal Herrian ireki den ziklo mobilizatzaileari gazte eremutik ekarpena egiteko ordua da. Euskal Gazteriak erronka polita du, beraz, eta Uribe Kostatik ere postaletako Costa Rican arrakalak sortuko ditugu, sistema higatzen jarraituko dugu, bizitzak gure neurrira bizitzen! Euskal Herria herri sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko bidean… Gazte, batu borrokara! Uribe Kosta biziarazi!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun