Urterik urtera, handituz doa euskal preso, iheslari eta errepresaliatuen aldeko itsas martxa

Iker Rincon Moreno 2019ko uzt. 4a, 13:24

Plentziako V. Itsas Martxak utzitako irudietako bat.

Seigarren urtez jarraian, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko hondartzetako mobilizazioakaz bat eginez, itsas martxa egingo dute Plentzian. Aurten, itsasaldia dela eta, abuztuaren 10ean, zapatuan, egitea erabaki dute; hala, 12:00etatik aurrera, Plentziako zubi zuritik abiatuko dira, itsasadarretik badiaraino. Etxeratek ere pasealekutik manifestazioa hasiko du ordu horretan, pasealekutik hondartzaraino.

Urtero legez, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko hondartzetako mobilizazioakaz bat eginez, itsas martxa egingo dute abuztuaren 10ean, zapatuan, Plentzian. Etxerat euskal presoen senideen elkarteak urte luzez manifestazioak deitu ditu Bizkaiko hondartza denetan abuztuaren lehengo domekarako. Plentziako itsas martxako antolatzaileek akordura ekarri dutenez, hasiera batean ia hareatza denetan egiten ziren mobilizazio horiek. Hala ere, ikusgarritasuna irabazi guran, deialdiak hondartza gutxi batzuetara murriztu zituzten, "arrakasta gehiago izan zezaten".

Mobilizazio horien helburua da erakustea dispertsioak ez duela oporrik hartzen; "batzuk oporretan dauden bitartean, beste batzuk deserrian daude, eta senideak, berriz, errepidean", salatu dute. Ideia horri helduta, Itsas Martxa ekimena sortu zuten Plentzian duela sei urte. Manifestazioa hondartzan egin beharrean, Etxeratek deitutako mobilizazioa metro-geltokitik hondartzara arte egingo zutela aprobetxatuta, eta Plentzian egiten den Karmengo itsas prozesioa oinarritzat hartuta, txalupa eta piragua gutxi batzuk batu eta itsasadarrean behera egin zuten, zubi zuritik badiaraino. 2014ko abuztuko lehenengo domekan egindako lehenengo ekimen hori nahiko xumea izan zen; dozena erdi txalupa eta hamar bat piragua batu ziren. Hala ere, esperientzia polita izan zela eta, ideiari forma emanez gero, urteakaz hazi zitezkeela konturatzeko balio izan zitzaien antolatzaileei.

Hurrengo urteko martxa inflexio puntua izan zen. 2015eko martxak arrakasta handia izan zuen, arrastian egin zuten arren, itsasaldia zela eta. Urte horretarako propaganda areagotu egin zuten, baita piraguak alokatu ere boterik ez kan jendeak parte har zezan. "Alokatutako piraguak berehala bete ziren, eta jendeak ez zuen piragua erreserbatzeko telefonora deitzeari utzi... Denbora gehiagorekin antolatu genuela egia bada ere, zerbait handia gainera zetorkigula ematen zuen", gogoratu dute antolatzaileek, "sekulakoa izan zen bigarren ekimen hau, eta gainera eguraldia lagun eduki genuen".

Bigarren itsas martxa arrakastatsua izan zen, baina oraindino asko egiteke zegoela ikusi zuten antolatzaileek: "dena primeran zihoala eman zezakeen, baina lagun gutxi genbiltzan antolakuntzan eta urduritasun momentuak izan genituen gure artean". Hala, hurrengo urtera begirako hirugarren ekimena antolatzeko lantaldea handitzeko saiakera egin zutela gogoratu dute, "herrikide gehiago batu ginen udaberri partean. Antolakuntza errazteko lantaldeak sortu genituen eta komunikazioan indar handiak jarri genituen". Erronka 2015eko emaitza errepikatzea bazen ere, eguraldia ez zuten lagun izan hurrengo urte bietan. 2016an mobilizazioa zapatuan egitea erabaki zuten, egun osoko egitaraua prestatu ahal izateko. Euria barra-barra hasi zen eta hirugarren ekimen hura bertan behera uztea pentsatu zuten. Hala ere, Etxeraten manifestazioak aurrera egingo zuenez, itsasoko martxa mantentzea erabaki zuten: "ez genituen senideak bakarrik utziko, inola ere". Emaitza ez zen aurreko urtekoa bezain mamitsua izan, ontzi asko lehorrean gelditu zelako.

Kepa del Hoyo presoari azken agurra

Laugarren urtean ere euria izan zuten bidelagun; martxa hasi bezain pronto zaparrada itzela hasi zen eta badiara heldu orduko ez zegoen inor hondartzan aldarrikapenak entzuteko. Horregatik, ekimenaren osteko komunikazioari garrantzia eman zioten eta bideoz zabaldu zuten ekimena, "espetxean daudenei iritsi zitzaien ekimenaren berria, hori bai indargarri itzela". Hala ere, 2017ko ekimena markatu zuen ezbeharra ez zen eguraldia izan; martxa egin baino hiru egun lehenago Kepa del Hoyo gaztea hil zen Badajozko espetxean. "Guk argi genuen, bizia galdu baino, bizia kendu ziola espainiar Estatuak bere espetxe politika kriminalarekin", deitoratu dute itsas martxaren antolatzaileek. Hala, ekimena hasi aurreko ekitaldira hurbildu ziren Del Hoyoren emaztea eta semea; bertan agurra dantzatu zieten, martxa eta manifestazioa burutu zuten, baina arrastiko egitaraua bertan behera utzi zuten, zendutakoaren jaioterrira joan eta azken agurra eman ahal izateko.

Iazko edizioa, bosgarrena izanda, berezia izatea gura zuten antolatzaileek; hala ere, aurreko urtekoaren egoera bertsuagaz egin zuten topo. Uztaila bukatzear zegoela, Xabier Rey "Antxo" iruindarra hil zen espetxean. Berri txar horregaz ekin zioten 2018ko itsas martxari, "azkena izan zedin".

Urtero legez, senideak omenduz hasi zuten martxa, oraingoan kaxarranka dantzatuz. Eguraldia lagun izan zuten orduan, eta hogei txalupa baino gehiago, hirurogei piraguatik gora, belaontzi bi, hamar bat padel surf eta ur motor bat ibili ziren itsasadarretik behera. Bitartean, jendetza joan zen pasealekuko manifestazioan, oinez. "Bidean fruta eta edatekoa eduki zuten hondartzara indarrekin heldu eta gureak gurekin nahi ditugula ozen oihukatu ahal izateko", gogoratu dutenez.

Aurten, abuztuaren 10ean

Aurten, itsasaldia dela eta, abuztuaren bigarren aste-akabuan egingo dituzte itsas martxa eta Etxeraten manifestazioa. Hala, abuztuaren 10ean, zapatuan, 12:00etan irtengo dira Plentziako zubi zuritik. Jakinarazi dutenez, senideen harrera ekitaldian preso gaixoek zuzenean entzuteko baliabideak sortu dituzte. Horretaz gainera, aurten "inoiz baino piragua gehiago" egongo dira eskuragai. Era berean, kamisetak eta poltsak salduko dituzte, iaz bezala, eta urteroko elektro-txaranga ere ez da faltako, ezta gaztetxeko bazkaria eta kontzertuak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun