1500. urtean monarkiaren fortuna estatuarena zen, eta alderantziz. Hau da, ez ziren desberdintzen erregeen jabetza partikularra eta altxor publikoa. Erregearen dirua eta estatuarena banatzeko, beharrezkoa zen herrialdeetako ogasun publikoa eta banku zentralak sortzea, eta horretara iristeko mende asko falta ziren oraindik.
Estatu-monarka guztiek euren ondasuna handitu nahi zuten, lurraldeak anexionatuz. Beraz, aurkikuntza eta konkistarako espedizioen egiazko arrazoia sustatzaileen aberastasuna handitzea zen. Aurkitu ziren edo aurkituko ziren lur berri guztien jabetza, espainiar eta portugaldar erregeen artean banatu zen: Ozeano Atlantikotik mendebaldera espainiarrarentzat eta ekialdera portugaldarrarentzat.
Fernando Magallanes Portugaleko erregearen menekoak, Kristobal Kolonek bezala, uste zuen mendebalderantz nabigatuz espezieen irletara iritsiko zela. Bide berriak aurkitzeko bere proiektua aurkeztu zion Portugaleko erregeari, baina honek ez zuen aintzat hartu, eta horrek eraman zuen proiektua Espainiako erregeari aurkeztera. Espainiar erregeak proiektua onartu eta merkataritza-espedizioko gastuak finantzatzeko zati handiena beregain hartu zuen, dirua jarri zuten beste norbanako batzuekin batera.
Egoera berri horrek Magallanes menekoa traidore bihurtu zuen Portugaleko bere erregearen aurrean, eta hau mila modu maltzurrez saiatu zen proiektuak porrot egin zen. Gaur egun, jarrera bera edukiko balu, Magallanes VIP exekutibo gisa hartuko lukete.
1519an bost ontzi abiatu ziren Sanlúcar de Barramedatik (Andaluzia, Espainia) Magallanesen aginduetara, eta espedizio horren kideetako bat izan zen Elkano. Helburua zen bide komertzial berri bat irekitzea mendebaldetik espezieen irletara. Horrez gain, espainiar erregearen agindu zehatza zeramaten Portugalen menpe zeuden lurraldeak ez inbaditzeko.
1521eko apirilaren 27an, Mactánen, Magallanes hil egin zen jatorriko herritarrekin izandako borroka batean, hauek ez zutelako Espainiako erregea nagusi gisa onartu nahi izan eta ondorioz zergak ordaintzeari uko egin ziotelako.
Filipinetan barrena etxera itzultzea erabaki zutenean, Elkanok mendebaldetik joatea agindu zuen neguko montzoien haizeteek mesede egiten ziotelako, erregearen hasierako nahia hautsiz. Ekialdetik itzuli zen beste ontzia ez zen sekula bere helmugara iritsi. Elkano Victoria ontzian sartu zen Sevillan 1522ko irailean, bizirik irten ziren beste hamazazpi marinel gosetu, gaixo eta akiturekin batera.
Elkanok, ospeaz gain, espedizio hartatik etekin ekonomikoak lortu nahi izan zituen, baina ez zuen nahi zuen guztia jaso. Gaztelako erregeak urteko 500 dukateko pentsio bat eman zion eta bere armarrian munduaren esfera bat jartzeko aukera, Primus Circundedisti me leloarekin (bira eman zenidan lehena).
Espainiako erregea, botere eta aberastasun anbizioak eramanda, ez zen konformatzen urazandiko lurralde eta aberastasun iturri berriekin (espezieak eta abar), Nafarroako erreinua ere anexionatu nahi zuen. Magallanes-Elkanoren espedizio komertziala 1519an hasi eta 1522an amaitu zen. Urte horietan Albako Dukea Euskal Herrian ibili zen eta Nafarroa 1524an konkistatu zuen azkenik.
Egun, espedizio hura inspiratu zuen merkataritza izaera ahaztu nahi da, haren xede etereo eta espiritualak nabarmenduz. Baina helburua zen etekin ahalik eta handiena lortzea, lurrak eta dirua bazkide eta akzionisten artean banatzeko, hau da, kapitalaren jabe zirenen artean. Kasu honetan, Espainiako erregea eta zenbait norbanako.
Egun hauetan ospatzen ari dira Irunen San Martzialak, Getarian lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena, eta espainiar ejertzitoa Gipuzkoan izan zela hirugarren mendeurrena –aduanak 1717an tokiz aldatu zirelako eta 1718ko matxinada zapaltzeko–.
Hain sentiberak diren efemeride horiek ospatzeko, toki horietan programaturiko ekitaldiei espainiar kolore patriotiko bat eman nahi izan zaie, sentimendu hori indartzea garrantzitsua omen baita euskal lurraldeetan. Hala, ejertzitoko eta armadako ofizial garrantzitsuak ari dira parte hartzen. Aurreko garai frankistako erreflexu zaharkitu batek jota gaudela ematen du, orduan ospakizun zibil bat ezin zitekeen egin armadako ordezkaririk gabe.
Eta horren aurrean, herritarren kontzientzia da historia ofizialaren eta historia errealaren arteko diferentzia nabarmentzen ari dena.
Artikulu hau Argia.eus-en argitaratu da; CC-BY-SA lizentziaz baliatuta ekarri dugu hona