Lagundutako bainu-zerbitzua izango da berriro Uribe Kostako hiru hondartzatan

Unai Brea 2019ko uzt. 5a, 14:31
2004an ipini zuten martxan Hondartza Denontzat programa. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Beste behin, Hondartza Denontzat programa ipini dute martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Bidaideak fundazioak. Uztailean eta abuztuan, herrialdeko sei hondartzatan eskainiko dute bertara joateko eta gozatzeko laguntza-zerbitzua mugitzeko zailtasunak dituztenei. Hondartza horietako hiru Uribe Kostakoak dira: Ereaga (Algorta), Plentzia eta Astondo (Gorliz). Iaz 5.300 laguni eman zieten arreta denera.

Bidaideak-ek garatuko du programa, Aldundiaren eta BBKren finantzazioagaz. Gaur goizean hiru erakundeetako ordezkariek Mundakako Laidatxu hondartzan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, mugitzeko arazoak dituztenei hondartzaz gozatzeko aukera ematea da helburua. Aipatutako Uribe Kostako hiru hondartzetan ez ezik, Lekeitioko Isuntzan, Ondarroako Arrigorrin eta Laidatxun bertan eskainiko dute zerbitzua.

Uztail eta abuztuan zehar, begiraleek hainbat laguntza tekniko emango dizkiete erabiltzaileei, harean eta uretan ibiltzeko bereziki diseinatutakoak. Zehazki, uretako gurpildun 30 aulki izango dituzte (hainbat mendekotasun-mailari egokituak), bai eta ere 70 pare makulu, eta mugitzeko oso zailtasun handia dutenei laguntzeko lau garabi. Gainera, zenbait premia asetzeko moduko azpiegitura berezia ere egongo da: zurezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak... Ordutegia 11:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da, uztail eta abuztuko egun denetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun