Bidaideak-ek garatuko du programa, Aldundiaren eta BBKren finantzazioagaz. Gaur goizean hiru erakundeetako ordezkariek Mundakako Laidatxu hondartzan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, mugitzeko arazoak dituztenei hondartzaz gozatzeko aukera ematea da helburua. Aipatutako Uribe Kostako hiru hondartzetan ez ezik, Lekeitioko Isuntzan, Ondarroako Arrigorrin eta Laidatxun bertan eskainiko dute zerbitzua.
Uztail eta abuztuan zehar, begiraleek hainbat laguntza tekniko emango dizkiete erabiltzaileei, harean eta uretan ibiltzeko bereziki diseinatutakoak. Zehazki, uretako gurpildun 30 aulki izango dituzte (hainbat mendekotasun-mailari egokituak), bai eta ere 70 pare makulu, eta mugitzeko oso zailtasun handia dutenei laguntzeko lau garabi. Gainera, zenbait premia asetzeko moduko azpiegitura berezia ere egongo da: zurezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak... Ordutegia 11:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da, uztail eta abuztuko egun denetan.