Uztailaren 8tik 13ra bitartean historian eta kulturan murgilduko da Plentzia. Lehenik eta behin, hilaren 8tik 10era, XII. Plentzia eta Uribe Kostako Historia Jardunaldiak egingo dituzte, eta ondoren II. Kantauri Itsasaldeko Kultura Biltzarraren txanda izango da. Biak ala biak Plasentia de Butron Museoko Etnografia Taldeak antolatu ditu.
Historia Jardunaldien saioak arrastiko 19:30etik aurrera egingo dituzte, Udaletxean. Besteak beste, ehun urte bete dituzten Aramburu farmazia eta Gorlizko erietxea ekarriko dituzte gogora. Industrializazioaren aurretik Lemoizen zeuden errotak eta burdinolak ere izango dira berbabide, hala nola orain mende bat egindako Magdalena ontziaren uretaratzea.
Jardunaldien azken egunean Uribe Kosta eta Uribe Butroeko baliabide naturalen gaineko lana aurkeztuko du Alejandro Cearreta EHUko ikerlari eta Etnografia Taldeko kidea. Haren ostean, oraindino ere plentziar denen jabetza diren Isuskitzako lursailen berreskurapen-prozesuaren berri emango du horretarako sortutako talde ekologistak. Eta jardunaldiak burutzeko, adin batetik gorakoen parte-hartzea beharko duen ekintza antolatu dute: orain dela 50, 60 eta 70 urteko argazkiak egongo dira ikusbide, eta adineko pertsonei eskatuko zaie lekuak, pertsonak, datak... identifika ditzatela.
Historia Jardunaldiak amaitu ostean, II. Kantauri Itsasaldeko Kultura Biltzarra egingo dute, hilaren 11tik 13ra. Horretan, Galizia, Asturias, Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait portutako 14 historialarik XVI. mendera eroango gaituzte.
Berbaldi denak Plentziako Udaletxean emango direla iragarri dute, baina antolatzaileek ohartarazi dute balitekeela azken momentuan Goñi Portal kultur aretora eroatea. Garaiz jakinaraziko dute, aldaketarik egotekotan.
XII. Plentziako Historiaren Jardunaldien egitarauen berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka