Dezepzioa ulergarria bada ere, hauteskundeotan erakutsitako goranzko joerak eraldaketaren alde lanean jarraitzeko bultzada eman beharko lioke ezkerrari, instituzioetan (batik bat herritarrengandik hurbilenetan) nola jendartean jorratu beharreko alor ugarietan.
Egia da eginkizun nekeza eta esker txarrekoa ere gertatzen dela "euskal oasiaren" egonkortasun instituzionala eta harmonia soziala orbandu dezakeen gatazka txikiena ere azaleratzea. Egonkortasuna da instituzioek bete eta betearazi beharreko mandamentu nagusia; hots (J. Hernandez Zubizarretaren hitzetan), "piramide juridikoaren erpinean kapitalaren, eliteen eta jabego pribatuaren interesak jartzea; gehiengo sozialen eskubideak, mobilizazioa eta greba, berriz, ezegonkortasun iturritzat hartzen dira".
Eraldaketa egitekotan, interes horien menpeko diren instituzioen abarotik kanpo eta, hein handian, haien aurka egin beharko da. Bada eremu zabala (sindikalismoan, ekologian, feminismoan, integrazioaren aldeko mugimenduetan, pentsamendu kritikoan…), non kidetasunak bilatu, aliantzak saretu, harreman-kodeak adostu. Euskal oasiaren saltzaileen arrakastak ez gaitzala desanimatu. Joseba Sarrionaindiak "Habanako gaukarian" aipatzen du José Martík eman zion erantzuna Espainiaren menpeko Kuban giroa normala eta lasaia zela argudiatu zion lagunari: "Zu eguratsera begira zaude; ni lur azpiaz ari naiz". Jabaltasunez tindatutako geruzaren azpian bilatu behar ditugu, gurean ere, eraldaketarako arrazoiak eta indarrak.