Oporrak bakean

Janire Enzunza Landa 2019ko uzt. 12a, 13:27

Apirileko oporraldian lortu dot eguneroko erritmoa lasaitzea, lo-orduak luzatzea, loaldia bera probetxugarria izatea, hamaika kontu aurrera eroateko tartea eukitea, etab. Costa Rica-k beharretik kanpo behar dodazan opari asko emoten deustez: lasaitasuna, paraje parebakoa... Zoritxarrez, oporraldia eta aro ona batzen diranean, kanpotar zein udatiarrek hasarraldiren bat edo beste eragiten deuste.

Hiru hamarkadatik gora daroadaz inguru berean biziten, eta oraindino ulergatx egiten jat hemen bizi ez diran askok daukien jokaerea: etxeko atetik zarataka berba egitea eskaileretatik behera dagoan senideari, edozein ate danbatekoa emonda itxitea, zarataka berba egitea telefonoz leihoan edo terrazan jarrita, karraderan sartzea supermerkatuan zabaltzeaz batera, etab. Ulergatxa egiten jat, ganerakook, normalean, ez dogulako holan jokatzen. Errespetaten dot gure herriak opor-sasoian jendetzea hartzea, baina ez dot uste horrek alkarbizitzea apurtu behar dauanik.

Alkarbizitzea egon daiten, neurri indartsu bat hartu eban igaz Gorlizko Udalak: ibilgailuak araupean aparkateko zerbitzua. Beste kontu bategatik udaletxera hurbildu behar izan neban neurria indarrean sartu eta egun gitxira, eta zur eta lur gelditu nintzan, ilaran nengoala, hainbaten kexak entzunda: Arartekoarengana joango zala bidebakoa zalakoan, udako etxean egozanen artean guztira sei auto eukezala eta ez zala bidezkoa guztiak aparkateko txartela ordaindu behar izatea, herrian bizi baina herrian erroldatuta ez egozanek ordaindu beharra, igaz Bilbon abuztuan ez egotea eta ia zer zala-ta udan Gorlizen bai, etab.

Argi daukat herrikoen eskubideak aurretik ipini behar dirala; nik, neure herria ez dan beste batera noanean, onartu eta errespetaten dodazan lez.

Itxasoan ura ta zerua; eta konforme ez dana, hondura.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun