Gure herritik ere pasatu da eta nahiz eta halako lantzean behineko gandor-erakustaldietan baino gehiago sinistu inurri-lan ikusezinean, nik ere parte hartu nuen, egun gutxi batzuetan bada ere, ikusgarri jartzen duelako euskara erdaldunen begien aurrean. Egunkarietako hamalaugarren orrialdean galdutako berri laburra izatetik jende guztiak begiz joko duen lehen orrialdeko izenburu nagusi izatera eramaten duelako, nahiz eta kasurik gehienetan emandako trataera azalekoa izan.
Bai, euskarak erdaldunen bizitzetan ere lekutxo bat izango zuen egun edo ordu gutxi batzuetan, ezin izango zuten jokatu bizi diren herrian euskararik izango ez balitz bezala, euskaldunok existituko ez bagina bezala. Batzuek petoa jarri eta korrika egingo zuten; baina gehienek lasterketa bati bezala begiratuko zioten, beraiekin zerikusirik ez duen zerbaiten aurrean baileuden, segundo bakar bat ere galdu barik pentsatzen zer-nolako eragina daukan euren erdal izateak, nola eragiten duten ingurukoen hizkuntz ohituretan.
Baina bai, horrela da, beste eremuetan gertatzen den bezalaxe. Gizonezko askok feminismoa beraiekin zerikusirik ez daukan emakumeen kontua dela edota herritar askok hezkuntza irakasle eta gurasoei dagokien kontua baino ez dela uste duten bezalaxe. Gizonezkoen inplikazioa, ordea, ezinbestekoa izango da berdintasunean oinarritutako jendartea sortzeko, baita komunitate osoak heziketan parte hartzea gizarte integratzaile eta sanoagoa osatzeko ere. Erdaldunen inplikazioa ere nahitaezkoa izango da jendarte euskalduna eraikitzeko, baina klika hori ezin dugu egin euskaldunok, beraiek egin beharko dute. Ni laguntzeko prest naukate.