Irabazi bai, baina zertarako?

Zelai Nikolas Ezkurdia 2019ko uzt. 12a, 13:37

Hauteskundearen biharamuneko alderdien adierazpenen arabera, den-denek irabazi dute. EAJ-PNVk nagusitasuna du EAEko erakundeetan. EH Bildu bigarren indar politiko nagusia da Hego Euskal Herrian. Elkarrekin-Podemosek ezkerreko alderdi gisa bere oinarrizko zorua aurkitu omen du eta hainbat udaletan gakoa izan daiteke EH Bildurekin batera gobernua lortzeko. PSE-EEk bere ohiko udaletan lortu du gobernatzen jarraitzea eta EAJ-PNVri behar duen kasuetan gehiengo instituzionala eskaintzeko moduan dago. PPren emaitzak txarrak izan dira. Nafarroan aukera dago azken lau urteetako aldaketa egonkortzeko, PSN ez bada eskumarekin lerratzen. Zalantzarik gabe, agertoki politiko berri batean gaude Euskal Herrian.

Baina, alderdiek zertarako erabiliko dituzte irabazitako posizio politikoak eta botere-esparruak? Ba al dugu herri gisa, erabakitzen duen komunitate politiko gisa alegia (horretarako baititugu gure erakundeak) proiekturik, edo bakoitzak ordezkatzen dituen interesak kudeatzea izango dute xede? Prest gaude lortutako botere esparru horretatik proiektu partekatu bat lantzeko, gizarte-kohesioan sakonduko duena, abiadura biziko mundu honetan nor izateko aukera eskainiko diguna?

Eskoziak eta Kataluniak, erreferendum bidez, munduari esan diote beren etorkizuna demokratikoki erabaki nahi dutela, eta bigarren erreferenduma egiteko aukera lantzen ari dira. Erabakitzen dakiten herrien estatusa irabazten ari dira. Euskadik, País Vascok, Pays Basquek, Basque Countryk, Euskal Herriak, euskal izaera aldarrikatzen du estatuen aurrean eta munduan, baina gure estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko gaitasuna ere behar dugu, eta hori izango da Gure Esku Dagoren erronka berria hemendik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun