Iaz barikuan egokitu zen Santa Mariñe eguna, eta aukera aprobetxatu zuten urduliztarrek jaia bikoizteko. Alegia, bariku eta zapatu artean banatzeko. Aurten normaltasuna berreskuratu eta egun bakarrekoa izango da jaia ostera ere; ekitaldi denak mantenduta, hori bai. Ohiturak agintzen duenez, Santa Mariñe baselizaren inguruan hasiko da eguna, eta Antsonekoa plazara jaitsiko dira jaia biribiltzeko.
Tortilla-lehiaketa ezin daiteke falta egitarauan, eta beste behin ere horren arauak gogorarazi gura izan dituzte. Batetik, sua egiteko egurra banatuko dute, baina butanoa ere erabil daiteke. Bigarrenik: patatak, arrautzak, olioa eta gatza dira erabil daitezkeen osagai bakarrak. Eta maila bi izango ditu lehiaketak: 16 urtetik gorakoena eta adin horretatik beherakoena.
Sopelan, herritik kalejira eginez hasiko dira
Usadioari jarraituz, dozenaka sopeloztar igoko dira Sopela eta Urduliz artean dagoen Santa Marina baselizara. Debozioa eta jai-tradizioa uztartzen dituen hitzordua da Santa Marina eguna; hala, meza nagusia entzuteaz gainera, jai-giroaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute bertaratuko diren den-denek. Goizeko hamarretan suziria bota, eta kalejiran abiatuko dira udaletxeko enparantzatik Santa Marinara, txistularien doinuek lagunduta. Ordubete beranduago, baselizan egingo den meza nagusiaren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore-eskaintza egingo dute, Fernando Ansoleaga zenaren omenez. Haren izena duen plazan egingo dute hori, eta, horren ondoren, hamaiketakoa egingo dute, trikiti-doinuak entzunez.
Gosez geratuz gero, tripak guztiz ase ahal izango dituzte 14:00etan Fernando Ansoleaga parkean bertan egingo den herri-bazkarian, eta badaezpada, tortilla-lehiaketa egingo dute arrastiko 17:00etan. Azkenik, jai-giroaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute bertaratuko direnek, 18:00etan hasiko den erromerian; hala ere, antolatzaileek ohartarazi dute aurtengoa ez dela dantza-plaza izango.
Santa Marina eguneko ospakizunen egitarauak ikusteko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka