Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esanetan, gau osoa eman dute konponketak egiten, baina hala ere gaurko 11:00etatik hasi da hornidura-falta igartzen Barrikan, Sopelan eta Urdulizen, baita Gatikan, Jataben eta Laukizen ere. Ez dute argitu zer arazo izan duen Kurkudiko biltegiko balbulak.
Arratsaldean zehar hornidurak apurka-apurka bere onera egingo badu ere, baliteke momentu batzuetan ura guztiz garbi ez irtetea txorrotatik, ohartarazi dutenez. Kasu horretan, ez edateko gomendatu dute, beste edozein gauzatarako lasai erabil daitekeen arren, betiere Partzuergoaren esanetan. Badaezpada, 11.000 litro ur edangarri duten zisterna-kamioi bi bidali dituzte populazio handienetako guneetara.
Edozein zalantza argitzeko, Partzuergoaren 94 487 31 87 telefono-zenbakira dei daitekeela gaineratu dute.