Udako jaiak 2019

Itzubaltzeta eta Pinuetako jaiak: bertoko eta nazioarteko taldeen erreferentziazko oholtza

Unai Brea 2019ko uzt. 30a, 08:30

Ska-Reggae Jaialdia da Itzubaltzeta eta Pinuetako jaien musika-eskaintzan gehien nabarmentzen den ekintza.

Itzubaltzeta eta Pinuetako jaietan gauez herria jendez gainezka egotea musikari zor zaio hein handian, eta hori ez da egun batetik bestera lortu, lan handia eginez baino. Arduradunetako batek eman dizkigu gakoak. 

Arrazoi askorengatik dute ospe ona Itzubaltzetako jaiek, eta horietako bat gauetako musika-eskaintza da. Azken urteetan horren ardura izan duen jai-batzordeko kideak horren zenbait gako azaldu dizkigu. Kaki du izena, abizenik gabe. Lanbide nagusia bestelakoa duen arren, eskarmentu  handikoa da musikaren munduan, bai bateria-jotzaile modura (orain hamar urte ibili zen Okupando Roma taldean), bai argiztapen-teknikari modura, bai DJ modura, besteak beste.

Azken zazpi urteetan txosna-guneko agertoki nagusian zein Dolores Ibarruri plazan egiten diren kontzertuen produkzioaz arduratu da Kaki. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: "7-8 hilabete lehenago hasten naiz, taldeak kontratatu eta burokrazia guztia antolatzen dut". Itzubaltzetan jaietan ibili den edonork ondo daki musikaz gozatzeko eskaintza zabalagoa dela aipatutako agertokietan egoten dena baino; barikuan eta zapatuan batez ere, taberna askoren alboan izaten dira emanaldiak. Horiek antolatzea ez da Kakiren zeregina, baina Udalarekiko baimen-kontuak bideratzen laguntzen die ostalariei.

"Estilo guztiak programatzea da asmoa", dio, "baina asko euskarazko taldeak izaten dira, eta soinu indartsua dutenak". Hala ere, eskaintza askotarikoa izan dadin ahalegintzen direla erakutsi guran, aurten joko duen talde baten adibidea ipini du: Zoo valentziarrak. "Ez dute rock klasikoa egiten, rock-rap modukoa baizik, eta valentzieraz kantatzen dute".

Talde berriei bultzada

Barikuan (abuztuak 2) joko du Zook, txosna-gunean, eta euren aurretik oholtzara igoko da jaien aurretik antolatzen den maketa-lehiaketan saritutako taldeetako bat. "Talde gazteei musika-munduan sartzea erraztu gura diegu, eta hori da lehiaketa egitearen zergatia", dio Kakik. Sari bi daudela aipatu digu. Bata, txikia, dirutan; "bestea, erraldoia, talde ezagun bategaz oholtzara igotzea".

Ska-reggae jaialdia, egitarauko izarra

Jaietako eskaintza oparoaren barruan zapatu gaueko Ska-Reggae Nazioarteko Jaialdiak egiten du distira batez ere. Kakiren esanetan, "orain 21 urte hasi ginen egiten, eta oso ezagun bihurtu da dagoeneko reggae-jaialdien katean". Pagasarri Ska All Stars talde santurtziarra izango da aurtengo gonbidatuetako bat, Train To Roots italiarrakaz batera. Jamaikan jaiotako Scarra Mucci kantari frantziarra ere egongo da txosna-guneko oholtzan, beste artista esanguratsu bategaz: Heartical Sound. Laburbilduz, jaialdiaren fama behar bezala elikatzen jarraitzeko moduko egitaraua izango da aurten Itzubaltzetan, Kakiren iritziz.

Itzubaltzeta eta Pinuetako jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun