Surf-kayak kirolearen historiako selekziorik onena da Euskadikoa, eta haren nagusitasuna berriro ere ondo agerian geratu da Perun. Joan den barikuan, seigarren aldiz talde-mailan munduko txapeldun izan zen Euskal Selekzioa, eta zapatuan egindako banako probetan ere euskal herritarrek eroan dituzte domina gehien jokatutako (urrezko sei, zilarrezko lau eta brontzezko hiru). Sailkapenean urrun geratu dira AEBak, Argentina, Ingalaterra eta Frantzia, urrezko bana lortuta.
Azken urteetan Oskar Martinez algortarra da selekzionatzailea (horrez gain lehiatu ere egiten da), eta 2003tik egindako munduko txapelketa denetan parte hartu du. Barrika Taldeko Andrea Garcia, berriz, lehenengoz joan da maila horretako proba batera; barikuan egindako taldekako lehian jardun zuen Garciak.
Hamarkada gutxi batzuk baino ez ditu piraguismoa eta surfa elkartzetik sortutako kayak-surfak. Munduko Txapelketa bi urtez behin egiten da 90eko hamarkadaren hasieratik, eta 1997an parte hartu zuen estreinako aldiz Euskal Selekzioak. 2007an, Bakio eta Mundakan egindako txapelketan, garaile suertatu zen lehenengoz, eta ordutik hona taldekako txapelketa denak irabazi ditu, 2009koa izan ezik (orduko hartan bigarren egin zuen).