Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea: "Ahobizi eta belarriprest, biak dira rol aktiboak, eta bietan eman behar dira urratsak"

Onintza Irureta Azkune / ARGIA.EUS 2019ko abu. 13a, 12:09
Arrate Illaro, artxiboko irudian.

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20an hasiko da. Urrun dirudi, baina antolatzaileak prestaketa lanetan hasiak dira. Edizio honetako berrikuntza ariguneak dira. Ariguneak euskara ulertzen dutenak eta euskara dakitenak elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak dira. Enpresak, elkarteak edo erakunde publikoak izan daitezke. Ariguneez aritu gara hizketan Arrate Illarorekin, baita ahobizi eta belarriprest rolak sakondu beharraz ere.

Herri batzordeek, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, eta ariguneak izango dituzten entitateek, bakoitzak, zein funtzio beteko du ariguneak identifikatzerakoan, bultzatzerakoan eta sortzerakoan?

Ariguneen aktibazioari dagokionez, herri batzordeen eta koordinazio orokorreko taldearen [Topagunea eta Eusko Jaurlaritza] lana oso antzekoa da, eragin eremua da desberdina. Koordinazio orokorreko eragileak herriz gaindiko entitateak aktibatzen saiatuko gara, nahiz eta herrian sukurtsalak izan. Saltoki katearen herriko dendara edo aurrezki kutxaren sukurtsalera herri batzordeek joan beharrik ez dute izango. Herri batzordea joan daiteke, nahi badu, baina indar handia behar da horretarako. Herri batzordeak herrian kokatutako elkarte, enpresa eta erakunde publikoetara joango dira. Adibidez, osasun zentrora joan beharrik ez dute izango, Osakidetzara gu joango gara. Gu esaten dudanean esan nahi dut batzuetan Eusko Jaurlaritza joango dela, besteetan Topagunea, besteetan aldundiak. Guk funtzio banaketa eginda daukagu. Gure lana eta herri batzordeen lana da herritarrak eta entitateak aktibatzea.

Herri batzordeek lehentasunak jarri beharko dituzte, zeren entitate guztietara jotzea ez da posible, lan handia da. Guk ere gauza bera egingo dugu, pentsatuko dugu zein entitate mota nahi ditugun gurekin eta horiengana joango gara. Haiengana gerturatzeko modu desberdinak daude: bisitak, aurkezpenak... Herri batzordeek udala baliatu dezakete gutunak bidaltzeko arigune posibleei.

Beste gauza bat da ariguneak sortzea. Lan hori entitateek egingo dute. Haien egitekoa bi zatitan bereizten dugu: batetik, zuzendaritzen edo arduradunen lana izango da arigune izan daitezkeen taldeak identifikatzea, non kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten. Kide horiekin hitz egingo dute. Bestetik, kideek erabakiko dute arigune izango diren ala ez, ahobizi edo belarriprest moduan parte hartuko duten ala ez. Baietz erabakiko balute entitateak babestu eta erraztu beharko du horien praktika.

Bi norabideei esker sor daiteke arigunea. Zuzendaritzak esan dezake “sor dezagun arigune bat hemen” edo entitateko kideek esan dezakete “hemen arigune bat sor dezakegu”. Beti ere, entitate barrukoek erabakiko dute arigunea sortu ala ez.

Herri batzordeak entitateetan barrura begirako ariguneak bultzatzen baino kanpora begirakoak bultzatzen irudikatzen ditut, kanpora begira ari denak egiten baitio harrera herritarrari. Eta arigune izan ezin direnak arigune izan daitezen eskatzen irudikatzen ditut, hau da, badakigu entitate horretan euskaraz artatzeko gai ez direla, baina guk hala artatzea nahi dugu.

Hor badago hutsune bat, baina ahobizi eta belarriprestekin gertatzen den bezala da. Euskaraz ez dakiten euskaltzaleak badaude eta ezin dute txapa jarri. Horrek erakusten du salto bat behar dela ariketa egin ahal izateko. Demagun saltoki batean ez dagoela baldintzarik barne eremuan arigunea osatzeko ezta herritarrei zerbitzua eskaintzeko ere, euskaraz egin ahal izango duen inor ez daukatelako. Entitate horrek ezin du arigune izan, baina nahi badu izena eman dezake informazioa jasotzeko, jakin dezan zer egin dezakeen hemendik aurrera pausoak emateko, noizbait hel dadin arigune posible izatera (gero kideek erabakiko dute arigune izan ala ez). Baliabide kutxa prestatzen ari gara entitate horiei emateko.

Lehenengo edizioan ondoko mezua jaso genuen: “Ez daukagu ahobizi eta belarriprest izan daitekeen jenderik baina zer egin dezakegu?”. Euskaraldiaren aitzakian lortzen badugu horietako batzuk interesa edukitzea… Euskaralditik hori baino gehiago ezin dugu egin. Batzuentzat ariketa egiteko aukera izango da eta beste batzuentzat aktibatzekoa. Lehen edizioan foku nagusia hizkuntza ohiturak aldatzea izan da, baina konturatu gara jende askok gogoeta egin duela beraien hizkuntza ohiturei buruz eta gogoeta egitea hizkuntza ohiturak aldatu aurreko pausoa da. Hori ere bada interesgarria, ez da ariketa, baina arau sozialak probokatzen baditu balio du. Entitateek diote: herritarrek eskubidea daukate gurekin euskaraz aritzeko eta beraz guk zer egin behar dugu beraiei hori bermatzeko? Zer pentsatua ematen badie, beharra dagoen seinale.

Herri batzordeen egitekoetako bat entitateak aktibatzea dela esan duzu. Erakunde publikoek ordea, derrigorra dute euskaraz egin nahi duenaren eskubideak bermatzea. Osasun zentroa eta kirol elkartea, biak dira entitate, baina ardura oso desberdinak dituzte hizkuntzari dagokionez. Ez ote da barregarria herri batzordea herriko osasun zentroko pediatria sailean arigunea sortzeko eskatzen aritzea? Herri batzordeari dagokio lan hori?

Erakunde publikoek bere bidea egin behar dute, zeren beraien baldintzak dituzte. Derrigor egin behar dute euskaraz hala eskatzen bazaie, baina derrigor egin behar dute gazteleraz herritarrek hala nahi badute. Beraz, agian, pertsona horrek ezin du ahobizi izan. Horregatik diot bere bidea egin behar dutela. Herri batzordeek herri elkarteak aktibatzen egin behar dute lan, baina Osakidetza erakunde publikoa da eta Jaurlaritzaren menpekoa da. Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza dago eta sail horretatik beste sailetara pasatzea eta eragitea lortu beharko litzateke.

Esate baterako, anbulatorioetan eta nagusien egoitzetan sortuko diren ariguneen berri emango diegu herri batzordeei, hala batzordeek jakingo dute zein ari diren Euskaraldian parte hartzen.

Herritarrok bakarka ere egiten dugu aktibatze lana, etengabe eskatzen diegu entitateei euskaraz egiteko guri.

Edizio honetan arriskua dago jendeak ulertzeko Euskaraldia entitateetan egingo dela, ariguneetan alegia. Ariguneena gehitzea da, aurreko Euskaraldikoa berdin mantenduko dugu. Ahobizi eta belarriprest izango gara eta horietako batzuk parte hartuko dute ariguneren batean.

Ahobizi eta belarriprestetara etorrita, bi rolek zer esan nahi duten sakonago azaltzeko asmoa duzue.

Komunikazio foko nagusietako bat izango da ahobizi eta belarriprest rolak azaltzea, ez dadin ulertu hizkuntza gaitasunaz ari garela, baizik eta jokabideaz. Euskaraz ondo moldatzen den pertsona  izan zaitezke eta belarriprest izan. Une oro egingo baduzu euskaraz ulertzen dutenekin ahobizi zara, baina ez baduzu une oro egingo, baina askotan bai eta gainera aktiboki eskatuko badiezu ingurukoei hala egiteko, orduan belarriprest izango zara. Eta agian ez duzu egingo ez bat eta ez bestea, nahiz eta euskaraz oso ondo moldatu. Horrelakoak ere badira.

Hizkuntza ohiturak aldatzea bada helburua ez da logikoa gaitasuna dutenak ahobizi izan daitezen animatzea?

Zeren arabera. Guk eskailerak igo nahi ditugu eta banaka, binaka edo hirunaka igo ditzakegu, ezin ditugu bosnaka igo. Batzuentzat, euskaraz ondo moldatuta ere, gazteleraz hitz egitetik euskaraz hitz egitera pasatzea oso ariketa nekagarria da, energia handia eskatzen du, tentsio handia, oso deseroso eta txiki sentitu daitezke. Algortakoa naiz eta Uribe Kostako lagunak ditut. Denak gara ikastolako umeak, batzuk ohitura daukagu egunerokoan euskaraz moldatzeko eta beste askok ez, baina euskaraz denak moldatzen gara. Kuadrillako erdia baino gehiago belarriprest izan zen, eta beste egunetan baino gehiago egin zuten euskaraz, eta gaiaren inguruan gogoeta egin zuten. Norberaren abiapuntuaren araberakoa da. Ez da erraza.

Hizkuntza ohiturak aldatzera doala jabetu den unetik pentsatu behar dugu ariketa egiteko prest dagoela herritarra, jakinda ahobizi rola exijentea dela. Baina ahozibi izan beharko lukeena belarriprest izateak zer zentzu dauka? Ez da hobe ez parte hartzea, indarrik ez baduzu?

Nolabait esan, denok egin dezakegu korrika, baina ez da gauza bera tarteka korrika egitea ala maratoia egiteko prest egotea. Hasiberria banaiz hogei minuturekin hasiko naiz, gero 30 minutu... daukagun abiapuntuaren arabera. Nire kuadrillan sumatu dut garapena.

Perfil horretan bai, baina neurri handi batean euskaraz bizi diren guneetan? Zestoa batean ez legoke arriskurik? Hau da, euskaraz asko egiten duenak belarriprest rola hartu eta ez dut esango atzera egitea, baina aurrera batere ez egitea?

Beste kontu bat dago hor ordea, zenbat emateko prest zauden. Ez da 0 edo 100. Nik nahiko nuke euskaraz dakiten guztiek euskaraz hitz egitea eta ez genuke beharko Euskaraldirik. Gauza bat da guk zer nahi dugun izatea euskaltzale aktibo horiek eta beste bat zer nahi duen izan bakoitzak.

Plastikoaren kontsumoaren adibidea dugu. Batzuk oso kontzientziatuta daude eta bere bizitzatik plastikoa kendu dute eta beste batzuk diote “hasiko naiz saltokira noanean nire poltsa eramaten”. Bakoitzak erabakiko du zenbat emateko prest dagoen. Ekimenak malgutasuna behar du zeren hobea da 50 ematea 0 ematea baino.

"Entitateek diote: herritarrek eskubidea daukate gurekin euskaraz aritzeko eta beraz guk zer egin behar dugu beraiei hori bermatzeko? Zer pentsatua ematen badie, beharra dagoen seinale”

Jarraitzen dut pentsatzen ezagutza eta erabilera handia den guneetan herritarrak husteko, edo ohituretan hobekuntzarik ez egiteko, arriskua dagoela.

Beste aukera bat da moldagarritasunaren izenean, Zestoako herri batzordeak bere lanketa egitea herritarrekin eta esatea: eman ezazue ahal duzuen guztia guk baldintzak baititugu ahobizi izateko. Herri batzordearen arabera dago.

Esan nahi nuen herriaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartu beharko liratekeela.  

Eta erabilera datua nolakoa den. Hortik gora egin behar da.

Horixe esan nahi nuen, batzuk oso goian daude eta rolak nola aurkezten dituzun eta zer malgutasun ematen duzun, herritar batzuek gora ez egiteko arriskua dago.

Belarriprest izanda ere egin dezake elkarrizketen %95 euskaraz, baina egia da kontua dela hamabost egunetan gure hizkuntza ohituretan beste salto bat ematea, lehen egiten genuena baino gehiago egitea. Bakoitzak ikusiko du zein den bere abiapuntua eta zer komeni zaion.

Belarriprest rolak ez duela laguntzen, alegia.

Rol pasibotzat jo genuelako: niri egidazu euskaraz eta nik jarraituko dut berdin-berdin. Belarripresta ere saiatu behar da euskaraz egiten, agurrak badira ere. Biak dira rol aktiboak eta bietan eman behar dira urratsak, ariketa ondo egiten bada.

2020ko Euskaraldia nolakoa izango da?

2018an bezala, ahobiziak eta belarriprestak izango dira. 2020ko berrikuntza ariguneak dira, hots, entitateek, dela denda txiki, saltoki handi, erakunde publiko, lantegi edo herriko elkarte, euskaraz egin ahal izateko guneak sortuko dituzte.

Hurrengo Euskaraldia ez da 2019aren hondarrean izango, 2020an baizik. Hala ere, oraingoan, prestaketa lanak urte eta erdiz luzatuko dira. Euskaraz aritzeko ariketa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4a bitartean egingo da. Hamabost eguneko ariketa izango da, beraz, aurtengoa.

Iaz bezala, ahobiziek eta belarriprestek protagonismo handia izango dute, eta egiteko bera. Hala ere, Euskaraldiaren antolatzaileen nahia da aurten bi rolak hobeto azaltzeko ahalegin handiagoa egitea eta ariketa sakonago eta zorrotzago egiteko aukera izatea. Iaz hizkuntza gaitasunarekin lotu ziren bi rolak, eta horregatik, ahalegin berezia egingo dute rol bakoitzak zer esan nahi duen azaltzen. Iaz bezala, identifikazio txapak eramango dira paparrean. 2018an 225.000 herritarrek eman zuten izena. Jende gehiagok parte hartzea nahi dute antolatzaileek, Euskal Herrian euskara ulertzen duen jende kopurua hori baino handiagoa baita.

2020ko berrikuntza ariguneak izango dira. Ariguneak euskara ulertzen dutenak eta euskara dakitenak elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak dira. Entitateek, hau da, edozein motako erakunde publiko, enpresa, denda edo herri elkartek halako guneak sortzeko erraztasunak jarriko dituzte eta gune horietako pertsonek ariketan parte hartzeko nahia adierazi beharko dute. Euskaraldiaren antolatzaileek ariguneak sortzen eta identifikatzen egingo dute lan. Ariguneak barrura begira edo kanpora begira sor daitezke. Adibidez, barrura begira, enpresa bateko bilerak euskaraz egin daitezke parte hartzaileek euskaraz ulertzeko gaitasuna dutelako eta enpresan zuzendaritzaren eta langileen artean bilera horiek arigune bihurtzea erabaki dutelako. Kanpora begira, saltoki handi batek saltzailez osatutako arigune bat sor dezake erosleak euskaraz artatzeko.

2018ko Euskaraldian parte hartu zutenen artean hiru galde-sorta banatu ziren eta hortik abiatuta egindako ikerketaren emaitzak irailaren bukaera aldera emango dira.

Euskaraldiaren antolatzaile nagusiak iazko berak dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea. Haiekin batera arituko dira Euskarabidea, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa.

Urte eta erdiko kronograma

Herri batzordeak
2018ko Euskaraldian 405 herri batzorde sortu ziren Euskal Herrian. Asko Euskaraldia bukatu ondoren desegin ziren, beste batzuek aurrera egin dute. 2020an gauzatuko den Euskaraldirako herri batzordeen izen-ematea jada hasi da. Batzordeek abendura bitartean izango dute izena emateko aukera.

Entitateak

Lehen urratsa da arigunea sortzeko gai diren aztertzea, alegia, ea guneko kideek euskara ulertzeko gaitasuna duten. Azterketa hori egiteko izen-ematea 2019ko urritik 2020ko uztailera bitartekoa izango da. Azterketa eginda, arigune izateko izena emateko epea 2019ko azaroan irekiko da eta 2020ko uztailean itxi.

Ahobiziak eta belarriprestak
2020ko irailetik aurrera eman ahal izango dute izena.

Albiste hau Argia.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA lizentziari esker ekarri dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun