"Euskal Herrian ondare zatitua dugu: administrazio bakoitzak bere zerrendak egin ditu eta zaila da guztiak batzea", azaldu du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak; "etengabeko lanaren bidez, Wikipedia aberasten duten boluntarioek eraikin horien zerrendak egin dituzte udalerriz udalerri. Orain, eraikin horien argazkiak izatea da helburua, eta argazki onak badira, are eta hobeto".
Diotenez, aurreko urteetako edizioetan monumentu zerrenda txikiak izan dituzten baina oraingoan 10.000 baino gehiago dituzte. Kopuru hori gainditu izana ospatzeko, sari berezia emango diote aurtengo irabazleari, hau da, argazki onena egiten duenari: lagun birentzako dastatze-menua Arzak jatetxean, Donostian. Bigarren saria Nekaturren egonaldia izango da, eta hirugarren sailkatuari bere argazkiaren puzzlea oparituko diote.
Uribe Kostari dagokionez, hiru udalerritako zerrendak baino ez daude: Erandio, Getxo eta Plentzia. Erandiok monumentu bakarra du, Martiartu dorretxea, eta badu argazkia. Getxon 163 eraikin daude zerrendatuta, eta horietatik 132ren argazkiak falta dira. Plentzian, berriz, 145ekoa da zerrenda (Alde Zaharreko etxe gehienak barne), eta ia denak daude argazkia egiteko zain, oraingoz eraikin birenak besterik ez daude eta: Udaletxea eta Andre Maria Magdalena eliza.
Lehiaketaren arauak eta udal denetako zerrendak lotura honetan ikus daitezke. Monumentu bakoitzaren koordenatuak ageri dira haren izenaren ondoan, erraz lokalizatu ahal izateko.