Gogoratu dutenez, "derrigorrezko betebeharra" da itsasoan itotzeko arriskuan dagoen edonor salbatzea, ez soilik giza-legezkoa edo zentzukoa delako, baizik eta nazioarteko zuzenbidean jasota dagoelako.
Itsasoan hilketa gehiago egon ez daitezen aldarrikatu ondoren, Algortako Ereaga hondartzan bildutakoek martxa bat egin zuten Mediterraneo itsasoa gurutzatzen saiatzeagatik hildako denak gogorarazteko. Era berean, giza eskubideak bermatzen dituen migrazio politika bat aldarrikatu zuten, "migratzen dutenak eta horiek erreskatatzen dituztenak kriminalizatu barik".
"Beste urte batez, itsasoak gura dena itzultzen digu: itotako pertsona horien hilotzak. Gure erantzukizuna ere bada, ez laguntzeagatik, ez babesteagatik, ukatzen diegulako eta lege kriminalen aurrean ezer egiten ez dugulako", azaldu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek.
Domekako manifestazioa Algortako Portu Zaharrean amaitu zen; bertan, gudarako armak egiten dituen enpresa bat Getxon bertan dagoela gogoratu zuten bertaratutakoek. "Gerra hauek gureak dira, oso", gaineratu zuten.