Testuinguru honetan, administrazioen esku-hartzearekin batera eta herritarron eragite gaitasuna baliatuta, azpimarratu behar da enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek duten erantzukizuna. Era berean, babestu eta sustatu behar da alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen laguntzen duten Bai Euskarari Ziurtagiria bezalako ekimenen balioa ere. Euskaraz lan egin ahal izateko, euskaraz saltzeko eta erosteko, euskaraz kontsumitu ahal izateko, finean, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko baldintza egokiak sortzen laguntzen baitute.
Bai Euskarari Elkarteak, ziurtagiriarekin batera, bestelako proiektuak ditu alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeari begira. Horien artean, Euskaragileak enpresa batzordearen lana bereziki agerrarazi beharrekoa da. Bai aldizkariaren azken zenbakian protagonismoa eskaini diogu, garrantzizko baiteritzogu enpresa traktore hauek egiten ari diren lana gizarteratzeari. Gogorarazi nahi dut Bai Euskarari Elkartearena dela bide-erakusle hauen batzordea dinamizatzearen ardura, oraingoz administrazioen laguntzarik gabe.
Egile eta eragile dira Euskaragileak. Hizkuntza kudeaketan aurreratuta dauden eta eredugarri diren enpresa hauen gizarte erantzukizunetik, euskararen normalizazioan eragile izateko funtzioa betetzea proposatu zaie. Alegia, denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan eta, hori modu batera edo bestera egiteak, guztiok bihurtzen gaitu norabide bateko edo besteko eragile. Hortaz, enpresa hauen lidergoa aintzat hartuta, lan munduaren euskalduntzean urrats berriak emateko aukera zabaldu eta biderkatu daiteke.
Batzordea osatutakoan, denon artean aztertu eta zehaztu ziren Euskaragileen funtzioak: eragile aktiboa izatea, lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten gainerako eragileen hizkuntza-politiketan eragiten saiatuz; eredugarri izatea, enpresen arteko sinergiak sustatzea, enpresa berriak erakartzea, bitartekari eta sustatzaile izatea eta eginiko bideari balioa ematea, prestigiatzea eta onurak erakustea. Halaber, ekimen ugari abiatu dira enpresa batzorde honetatik hornitzaileengan, gainerako enpresetan eta langileengan eragiteko.
Gure aldetik euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoeran jauzia emateko lanean segituko dugu, ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, baina, argi dugu horretarako bezero, hornitzaile, zuzendaritza-talde, langile eta administrazioaren bultzada ere ezinbestekoak direla. Ekin diezaiogun helburu berarekin lanean ari garenon arteko esperientzia, ezagutza, praktika on eta erronkak elkarrekin bideratzeari, aurrean dugun bide malkartsua arinduko baitugu hala.
Bai Euskarari elkarteko zuzendaria da Rober Gutiérrez