Getxoko eta Leioako eraikin esanguratsuenak, zabal-zabalik

Erredakzioa 2019ko ira. 20a, 09:27

Besteak beste, Getxoko Antzoki berria, Muxikebarri, bisitatu ahalko da. © GETXOKO UDALA

Getxok eta Leioak bat egin dute Open House jaialdiagaz, arkitektura sustatzearren bere kultura eta nortasunaren funtsezko osagai moduan. Eraikin ezagunenetara bisita gidatuak egingo dira, boluntarioen lanari esker; horretarako, boluntario euskaldun gehien lortzea gura dute antolatzaileek. Horretan parte hartu gura dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute helbide honetara.

Datorren aste-akabuan, irailak 28 eta 29, Getxon eta Leioan ere, Bilbon eta Barakaldon bezala, Open House Bilbao ekimena izango da. Ate irekien arkitektura-jaialdi horri esker Getxoko 12 eraikin ezagunenak dohainik bisitatu ahal izango dira: Santa Ana baseliza, Bake Eder jauregia (Biscaytik), Etxe Sorgindua (Olozaga Bizilekua edo Malo Molinaren Etxea), Santa Clara jauregia, Rosales Bizilekua, Begoñako galeriak, Getxoko udaletxea, Andrés Isasi Musika Eskola, Itzubaltzeta/Romoko San José Obrero eliza, Real Club Marítimo del Abra–Real Sporting Club, Romo Kultur Etxea eta Muxikebarri. Era berean, Leioako Artaza jauregia ere bisitatu ahalko da.

Asteburuan zehar, ekimen horretan interesa duten denek aukera izango dute inguruko arkitektura, historia eta hirigintzaz gozatzeko 13 eraikin bisitatuz eta hainbat ekimenetan parte hartuz. Helburua da jaialdi ireki, didaktiko eta dibertigarri baten bidez ezagutzea eta ulertzea Bilbo eta bere inguruko arkitektura, hirigintza, diseinua eta historia.

Amaia Agirre Getxoko alkateak esan duenez, “ekimen honi esker normalean itxita dauden 13 eraikin zabaldu ahal izango ditugu, bisita gidatuen formatuan. Era horretan, auzokideei, bisitariei eta turistei Getxoko historia eta garapena eraikinen bitartez erakutsi eta kontatu ahal izango diegu”. Agirreren ustez, ekimen horren bitartez lurraldearen barruan txangoak egiteko zaletasuna suspertuko da eta Getxora sasoiz kanpo eta aisiak eta kulturak bultzatutako bisitari asko erakarriko dira, hori oso garrantzitsua baita helmugaren "desestazionalizaziorako". “Halaber”, esan du, “Open House Worldwide nazioarteko sarean presentzia izatea ahalbideratuko du eta horrek aukera emango du arkitektura eta diseinu arloan Getxo kokatzeko”. 

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak 20 bat pertsonako taldetan egingo dira. 20-30 minutuko iraupena izango dute eta boluntarioak (gehienak unibertsitateko ikasleak) arituko dira eraikinen sarbideak eta bisitak kontrolatzen. Ahalik eta boluntario euskaldun gehien batu gura dute; hala, horretarako deia egin diete interesa duten denei. Interesa dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute helbide honetara.

Open Housek informazio gune bi izango ditu Getxon (Muxikebarrin eta Begoñako galerietan). Bertan jaialdiari buruzko informazio guztia eskainiko dute eta OHBilbao 2019 izeneko gida eskuragarri izango da, eraikinei, ordutegiei eta bestelako jarduerei buruzko informazioa duena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun