Barrika Barri egoitzak 1 mailako menpekotasuna dutenak artatuko ditu

Unai Brea 2019ko ira. 23a, 12:59

Oro har autonomoak diren baina eguneroko jarduera batzuetarako laguntza behar duten uribekostarrei arreta emateko Bizikidetza Unitatea sortuko du Barrika Barri egoitzak, eskualdeko Mankomunitateagaz izenpetutako akordioa dela medio. Hauskortasuna duten adinekoenganako babesa indartu gura dute modu horretan, adierazi dutenez.

Egoitzako arduradunek azaldu dutenez, 1 mailako menpekotasuna esaten zaio euren kasa bizi daitezkeen baina egunero, momenturen batean, oinarrizko jardueraren bat egiteko (otorduak prestatu, etxea garbitu...) laguntza behar duten pertsonek dutenei. Autonomiari eutsi ahal izateko lantzean behineko bermeren bat dutenak ere multzo horretan daude.

Gabirel Azaola egoitzako kudeatzailearen esanetan, sortuko duten unitatearen erabiltzaileek ahalik eta autonomia handienari eustea da helburua, "baina euren bizi-kalitatearen murriztea geldotuko duen laguntza emanez". Hala, 1 mailako menpekotasun aitortuta dutenei eskainiko diete zerbitzua, baita ere, "aitortu eduki ez arren, hauskortasuna dutenei".  

"Arreta-eredu hau egoitza batean egon gura ez duten baina etxean egonda menpekotasuna izateko arriskuan daudenentzat da", esan du Azaolak. Gaineratu duenez, erabiltzaileek askatasun handia izango dute egoitza sartu eta irteteko, betiko harremanei eusteko...  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun