Bai, aitortzen dut gogaituta naukala espainiar politikak, zirkua da eta egunero dena okerrago-ra doa. Espainiako politikan, ideien lekuan, burutazioak daude, eta ez dago diskurtsorik, esloganak baizik (edo txioak, kasurik onenean). Gutaz dabiltz barrezka hizketan. Espainiako ezkerreko blokearen erruz hauteskundeak errepikatuko direla iragarri zenetik (munduan ez da kokolorik, ez zeruan ere, eurek bezain gaizki eginen luketenik) askotariko burutazioak entzun ditut, baina kasualitatea, guztiak alderdi espainiarren mesedetan.
"Bozkatzera ez joatea merezi dute". Ez dakit merezi duten baina guk ziur ez dugula merezi bozkatzera ez joatea. Zin dagizuet gu ez bagoaz, ez dela inor joango gure ordez. Ez joatea krisi hau eragin dutenen mesedetan litzake. Herri modura, gu ixiltzeko mediorik ez du inork asmatu, beraz ezin etxean geratu.
Beste burutazio bat: "Gastu handia da, ez dut uste etxeetara publizitatea bidali beharko luketenik". Gastua hauteskundeak zentzu gabe errepikatzea da, baina bi sasipolitikariren erruz hala egin behar bada… Ziur nago biek onartuko luketela gastu elektoralaren gaiarekin demagogia egitea, azken finean ohiturazko telebista eta irratietan uneoro darabiltzate ahoan PSOE eta UP. Zelan sar daitezke beste alderdiak gure etxeetan gutunen bitartez ez bada?
Badago politika serio hartu eta gurea defendatzera doana, horregatik, Madrilen kaña ematen duen batzokiko rock and rollarekin geratuko naiz. Eta ez, ez nago drogatuegi, aurreko eguneko Hertzainaken kontzertu bikainari bueltaka besterik ez. Politikara itzuliz: hau dena aldatu nahi nuke. Aurrera Aitor Esteban eta aupa Hertzainak!