naturaren behatokitik

Hasi da udazkeneko dantza gure baso-zelaietan

Xabi Buenetxea 2019ko urr. 10a, 08:30
Urtxintxa gorria da sasoi honetan hara-honako etengabeko joan-etorrian ikus dezakegun animalietako bat.

Uda amaituta, hegazti askok hemendik alde egin eta latitude beroagoetara jotzen dute, aurten jaiotako kume askorentzat biziraupen-ariketa garrantzitsua izango den negua igarotzera. Paisaiak, berriz, berde biziagoetara eta kolore gorri-horien nahaspilara joko du.

Trantsizio-sasoia da naturan. Udarekin batera, beroa, argia eta eguraldi onbera amaituz doaz, eta apurka-apurka iluntasuna, hotza eta nor bere barnera begiratzea nagusitzen hasi dira ingurune naturalean eta gure paisaian. Zuhaitzak, beren erloju biologikoak emandako oharrei kasu eginez, utzi egingo diote adarretara izerdia bidaltzeari, eta hostoek berdetik marroira eta horixkara egingo dute, gure landetako paisaia eraldatuz.

Basoan gabiltzala, adarrek osatutako zutabeak behatuko ditugu, eta haren sabaian habe hutsak, udaberrian teilaz beteko direnak, kolore berdeko hostoz alegia. Hezetasuna pilatu egiten da orbel berriaren geruza lodian, aurreko urteetan erori eta honezkero ustelduta dauden hostoen gainean. Geruza horrek gure pausoak hartzen dituen zoru biguna osatzen du, kolorez, tonuz eta ñabarduraz betea; sasoi honetan, zuhaitzen goiko aldean hostorik ez egoteak eguzkiaren argia zuzena jasotzeko aukera emango dio. Basoa lasai dago egunez. Anfibioek eta narrastiek hibernatu egiten dute, zenbait ornogabeko eta mikro-ugaztunek bezala.

Baina ez gaitezen arinegi joan… Oraindik ere trantsizioa gertatzeke dago, eta Ama Lurrak gauza asko du guri erakusteko eta gozarazteko, zalaparta apaldu ahala. Fruitu-sasoia da, eta zuhaitz eta zuhaixka askok beren uzta ematen dute, udaberrian eta udan lan handiz ondu dutena. Gaztaina, ezkur, masusta, garangorri, elorri, sagar, piku… Fruitu horiek animalia askori lagunduko diete janaritegia betetzen, eta neguaren erronka latza gainditzeko koipea sortzen. Hori dela eta, atzera datoz gure baso eta lantzarretara alaitasuna eta oparotasuna; sasietan eta zuhaitz txikietan lanez gainezka dabiltza fruituz eta alez elikatzen diren hegazti txikiak, ornogabeekin batera. 

Urria eta azaroa oraindik garai egokiak dira egun atseginez gozatzeko, zuhaixka baten ondoan ezkutatuta gaudela joan-etorri horiei guztiei begira

Ugaztun txikiek ere, urtxintxa gorriak eta basasaguak esaterako, soberakina aprobetxatzen dute, eta handiek (azeriak, azkonarrak eta lepazuriak) dieta aldatzen dute aldi batez. Horregatik, urria eta azaroa oraindik garai egokiak dira egun atseginez gozatzeko, zuhaixka baten ondoan ezkutatuta gaudela joan-etorri horiei guztiei begira. Gainera, ugaztun horietako asko gaztetxoak dira, eta haien konfiantzak aukera emango digu behaketak hurbilagotik egiteko. 

Trantsizio hori biziro igartzen da migrazioan. Urtero errepikatzen da fenomenoa, eta milioika hegazti mugiarazten ditu, haien indarrak neurtuz. Udakoak udaberrian etorri ziren hemen ugaltzera eta ondoren hegoalderantz joaten dira; sedentarioek urte osoa ematen dute berton, eta negutarrak, berriz,  inguru honetan negua emateko ailegatzen dira, iparraldeko lurretan hotzak eragiten duen elikagai-faltari ihes eginda. Honenbestez, udazkenean oraindik alde egin ez duten udako batzuez eta dagoeneko ailegatu diren negutar batzuez gozatu ahal izango dugu.

Gure kokapena dela eta, Iberiar penintsula zeharkatzeko hegaztiek erabiltzen duten pasabide garrantzitsuenetako batean gaude. Badago fenomenoa behatzeko jarduera egokirik: ekaitza eta haizea dagoen egunetan itsas hegaztiak ikustera joan kostaldeko irtenguneetara, esaterako Galea muturrera, Barrikara edo Billano lurmuturrera (azken talaia hori da gomendagarriena, galeriak kontserbatu egin direnez hotzaz eta euriaz babestu gaitezke eta); hegazti negutarrak eta migratzaileak behatzea Abran, Txipioko paduran, Bolueko hezegunean edo Lamiakoko kaian; itsasertzeko landetan eta zuhaiztietan ibiltzea ere modu ezin hobea izan daiteke behaketa-egun ederrak igarotzeko, hegazti askok atseden hartzeko beharra baitute itsasotik heldu ostean.     

Bestalde, animalia asko aktiboagoak izaten dira neguan, eta horrek aukera emango digu errazago ikusteko. Hala da basoko zenbait anfibioren kasuan, arrabioa edo igel hankaluzea esaterako; baita ere urubi izeneko hontz zalapartatsuaren kasuan, edo belatz handiarenean. Basoko zenbait zuhaixkak, hala nola gorostiak eta erratzak, giroari kolorea emango diote euren fruitu gorriez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun