Joan den irailaren 18an hasi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen kasuaren berrikuspena. Epaiketan proportzionaltasun eza eta inpartzialtasunaren printzipioaren urraketa salatu zituen Defentsak; hala ere, Fiskaltzak eta Covitek, akusazio partikularraren izenean, emandako argudio denak baztertu zituzten.
Hala, atzo egin zuen publiko bere erabakia Auzitegi Gorenak. Zigorrak murriztu ditu, diskriminazio eta larderia astungarria baztertuta, agintaritzaren kontrako atentatu delituan; hala ere, kartzelan dauden zazpi neska-mutilak espetxeratuta jarraitu beharko dute.
- Ohian Arranz: 13 urteko eskaera, 9 urte eta erdiko zigorra.
- Jokin Unamuno eta Adur Ramírez de Alda: 12 urteko eskaera, 8 urte eta erdiko zigorra.
- Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea: 9 urteko eskaera, 7 urte eta erdiko zigorra.
- Aratz Urrizola: 9 urteko eskaera, 4 urte eta bi hilabeteko zigorra.
- Iñaki Abad Olea: 6 urteko eskaera, 3 urte eta erdiko zigorra.
- Ainara Urkijo: 2 urteko eskaera, urte eta erdiko zigorra.
Mobilizazioak erabakiaren aurka
Auzitegi Gorenak emandako ebazpenak ezinegona eragin du Euskal Herriko hainbat aldetan. Hori dela eta, Altsasuko gazteen aldeko hamaika mobilizazio egiten dabiltza egunotan Euskal Herri osoan zehar. Uribe Kostan ere elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, eguenean; HIRUKAri jakinarazi diotenez, hurrengoak daude deituta:
- Algorta, 20:00etan, Telletxe plazan.
- Itzubaltzeta/Romo, 11:15ean institutuaren sarreran eta 20:00etan Kolas plazan.
- Plentzia, 19:30ean, Ontziola plazan.
- Erandio, 19:30ean, Altzagako metroko plazan.
- Leioa, 20:30ean, Boulebardean.